Mundua -

Salaketa

NBEk Siriako indarkeria olde bortitza salatu du

Bachar al Asaden erregimena zibilei eraso egiteko artilleria astuna erabiltzen ari dela ohartarazi dute erakundeko ordezkariek eta gizateriaren aurkako krimenak egiten ari direla salatu dute.

Familia bat bonbardaketatik ihesi, Sirian. EITB
Familia bat bonbardaketatik ihesi, Sirian. EITB
UNICEF: 400 haur hil dituzte eta beste 400 atxilotu, Sirian

01:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen ordezkariak, Navi Pillayk, Siriako indarkeria olde bortitza salatu du, Homs hiriaren kontrako etengabeko erasoak aipatu ditu eta Bachar al Asaden Gobernua herritar zibilen kontra artilleria astuna erabiltzen ari dela ohartarazi du.

Pillayk herrialdeek Siriarekin dituzten harreman politikoak berehala hausteko beharra azpimarratu du, Europar Batasunak, Persiako Golkoak eta AEBek egin bezala.

Halaber, siriarrak babesteko ekintza eraginkorrak bideratzeko eskatu du. NBEko Segurtasun Kontseiluak Siriako erregimenaren kontrako zigorrak adostu eta gaitzesteko porrotak "Gobernuak disidentzia zapaltzeko helburuarekin herriaren kontra hasitako sarraskia indartu " duela dirudiela azaldu du ohar batean.

Segurtasun Kontseiluak hiru bider heldu dio Siriako egoerari, baina Errusiaren eta Txinaren oposizioa dela eta, ezin izan dute neurri zehatzik adostu.

Pillayk gizateriaren aurkako krimenak egiten ari direla salatu du.

Dozenaka hildako Homsen

Gutxienez 67 pertsona hil dira azken orduetan Homs hirian Siriako Armadaren erasoen ondorioz.

Militarrek suziriekin eta jaurtigaiekin eraso diete herritarrei. Hainbat aktibistak jakinarazi dutenez, oposizioaren gehiengoa bizi den guneei eraso diete.

Biktimen artean hiru familia daude, Bachar al Asaden aldeko milizianoek hil dituzte euren etxeetan. 

Azken egunetan 150 bat pertsona hil dira Homsen Siriako Gobernuaren aldeko indarren bonbardaketen ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea