Mundua -
Hauteskundeak
Anaia Musulmanak, Egiptoko Parlamenturako hauteskundeetan garaile
Parlamentuko hauteskundeen ostean, Goiko Ganberako ordezkariak aukeratuko dituzte, datorren urtarrilaren 29tik aurrera.
Erredakzioa
Askatasuna eta Justizia Alderdiak (PLJ), Anaia Musulmanen adar politikoak, irabazi ditu Egiptoko legegintza-hauteskundeak, alderdi politikoen zerrendentzat gordetako eserleku guztien % 38 (Ganberako eserlekuen bi heren) lortuta.
Hauteskundeen batzordeko presidenteak, Abdelmoiaiz Ibrahiamek eman ditu hauteskundeetako emaitzak. PLJ alderdiaren ondoren, Al Nur alderdiak eskuratu ditu eserleku gehien, zehazki, 96, bozen % 29.
Alderdien zerrenda itxietarako gordeta dauden emaitzak eman dituzte soilik, hau da, 332 eserleku, Beheko Ganberako bi heren.
Beste herena, 166 eserleku, banakako hautagaientzat gordetzen da, baina horietako askok alderdi politikoekin harremana dute, beraz, PLJk lortutako garaipena oraindik handiagoa izango da eta gehiengo absolututik gertu egon daiteke.
Hirugarren tokian Wafd alderdi nazionalista gelditu da, 36 eserlekurekin (% 11) eta laugarren "Egiptoko Blokea" alderdi liberal eta laikoa, 33 eserlekurekin ( %10).
Urtarrilaren 25ean hasi zen iraultza arabiarretik sortutako gazteen mugimenduek ez dute ordezkaritza handirik eskuratu. "Iraultzak jarraitzen du" koaliziak 7 eserleku lortu ditu
Astelehenean egingo dute Parlamentuaren lehen saioa. Bertako presidentea PLJ alderdiko idazkari orokorra izango da, Mohamed Saad el Katani, aste honetan beste alderdiekin lortutako akordioaren ondoren.