Mundua -
24 orduz
Itzalaldi birtuala: Wikipedia, Google eta milaka webgune, 'itxita'
Inoiz AEBetan egin den horrelako protestarik handiena da antolatzaileek esan dutenez, eta besteak beste, Google, Wikipedia, Reddit, Wordpress eta Mozillak bat egin dute.
Erredakzioa
AEBetako Kongresuak pirateriaren aurka onartu nahi duen legearen kontra protesta egiteko itzalaldia abiatu dute AEBetan 10.000 webgunek baino gehiagok. Antolatzaileek esan dutenez, inoiz egin den era honetako protestarik handiena da.
Protesta www.sopastrike.com webgunean hasi da gauerdian eta 10.000 webgune baino gehiago parte hartzen ari dira, horien artean, Google, Wikipedia, Reddit, Wordpress eta Mozilla.
Interneteko atari eta webgune asko "itzali" egingo dira 24 orduz. "Fight for the Future" irabazi-asmorik gabeko erakundearen proiektua da, SOPA (Stop Online Piracy Act) eta PIPA (Protect Ip Act) lege proiektuak bertan behera uztea eskatzeko.
Wikipediako webgunean, "imagina ezazu doako ezagutzarik gabeko mundua... Oraintxe bertan, AEBetako Kongresua Internet ireki eta askeari kalte handia egin liezaiokeen lege bat aztertzen ari da", mezua irakur daiteke. Mundu osoko entziklopedia zibernetiko handiena eratu du enpresak eta 24 orduz bezeroei ekimenaren aurka protesta egiteko deia egin nahi die.
Bestalde, Googlek bere bilatzailea blokeatu du hiruki beltz handi batekin eta bertan klik egindakoan honako mezu hau agertzen da: "Esan Kongresuari webgunea ez zentsuratzeko, mesedez". Lege proiektua beheko ganberan gehien bultzatu duen politikaria Lamar Smith errepublikanoa izan da. SOPA legeak bezeroak, negozioak eta lanpostuak "AEBetako jabetza intelektuala hartu nahi duten atzerriko lapurretatik" babestu nahi dituela esan du.
Lege proiektuak aisialdiko enpresa eta argitaletxe askoren babesa du. Ekimenak, gainera, Hollywoodeko enpresak (legearen aldekoak) eta Silicon Valleykoak (aurkakoak) aurrez aurre jarri ditu.
Etxe Zuria ere aurka azaldu da adierazpen-askatasunaren kontrakoa dela argudiatuz.