Mundua -
gatazka politikoa
Arlene Foster Ipar Irlandako ministro nagusiak dimisioa eman du
Ipar Irlandan gatazka eta protesta ugari izan dira azken asteotan, Erresuma Batuko koroari leialtasuna dioten unionista-taldeek antolatuak, bereziki.
eitb media
Ipar Irlandako ministro nagusiak, Arlene Foster unionistak, dimisioa eman du, eta ekainaren amaiera aldera utziko du kargua, Brexitaren kudeaketa dela eta sortutako barne-erreboltaren eta tentsio politiko eta sozialaren ondorioz.
Alderdi Unionista Demokratikoak (DUP) igorritako oharraren arabera, Fosterrek alderdiko presidenteari helarazi dio erabakia, eta, azaldu duenez, "garrantzitsua da alderdiko arduradunei espazioa uztea, datozen asteetan buru berria hautatzeko prozesua antola dezaten".
Hogei diputatu erregionalek eta DUPeko lau kongresukide nazionalek liderraren aurka sinatutako zentsura-mozioak eragin du horren dimisioa.
Fosterrek adierazi duenez, Ipar Irlandako herriari zerbitzatzea bere bizitzako "pribilegiorik handiena" izan da.
2015etik izan da DUPeko buru. Maiatzaren 28an utziko du alderdian duen kargua, eta ekainaren amaiera aldera utziko dio ministro nagusi izateari.
Tentsio politiko handiko asteak
Ipar Irlandan gatazka eta protesta ugari izan dira azken asteotan, Erresuma Batuko koroarekin leialak diren unionista-taldeek antolatutakoak, bereziki. Ez dituzte onartu Brexitaren akordioaren ondorio diren aduana-kontrolak, lurraldearen osotasunerako mehatxu gisa hartu baitituzte.
Gainera, DUPen sektore handi batek, ultrakontserbadore eta elizkoienak, abortu-legearen edo LGTBI komunitatearen eskubideen arloetan kontzesioak egin izana egotzi dio Fosterri.
Tentsioa areagotu egin zen ekainean, Fosterrek pandemiaren aurkako murrizketak urratu zituzten Sinn Fein alderdiko 24 politikari ez auzipetzea erabaki zuenean. Hain zuzen ere, Bobby Storey IRA taldeko kide ohiaren hiletan izan ziren ordezkari politiko horiek.