Mundua -

Azaroaren 20aren ostean

DNEren alkatetzaren aurkako manifestazioa egin dute Garinoainen

"Derecha Navarra Española" alderdia "azken orduan eta bizilagunei beste hautagaitza bat aurkezteko denborarik eman gabe" aurkeztu zela esan dute bizilagunek.

Manifestazioa Garinoainen.Argazkia: Efe
Manifestazioa Garinoainen.Argazkia: Efe
Manifestazioa Garinoainen.Argazkia: Efe

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Garinoain herriko alkatetza Derecha Navarra Española alderdiak hartzearen aurka 500 lagun inguru bildu dira manifestazioan.

Zerranda hori izan zen joan den azaroaren 20ko hauteskundeetan bertan aurkeztu zen bakarra eta bozen % 5,6 lortu zuen. Boz zuriak ordea, % 94,4 izan ziren.

Alderdi hori Nafarroako PPren zatiketa batetik sortu zen. Alkatetza lortzeko % 5eko gutxiengoa gainditu behar zuen, eta hori ekiditeko herritarrek zuriz bozkatzeko deialdia egin zuten.

DNEk 17 boz behar zituen bere hautagaiak, Gonzalo Vicuñak, alkatetza lortu ahal izateko. Azkenean 18 lortu zituen eta boto zuriak 305 izan ziren.

"Azken orduan aurkeztu ziren, bizilagunei beste hautagaitza bat aurkezteko denborarik eman gabe eta ez zuten inongo kanpainarik egin proposamenak zeintzuk ziren jakitera emateko", salatu dute bizilagunek ohar baten bitartez.

Maiatzeko udal hauteskundeetan ez zen hautagaitzarik aurkeztu Garinoainen eta horregatik deitu zituzten berriz bozkatzera azaroaren 20an. "Alkate hau ikusi genuen lehen aldia hauteskunde egunean izan zen", esan dute bizilagunek, eta "lau urtez gure dirua izango du nahi duena egiteko", salatu dute.

Garinoaineko bizilagunek diote herritarren artean badaudela alkate izateko prest daudenak eta horregatik DNEri "alde egiteko" eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea