Mundua -

Egipto

Parte hartze handia, Egiptoko hauteskundeetako lehen egunean

Agintariek ez dituzte daturik eman, baina jendetza handia izan da El Cairon eta beste bederatzi lurraldetan.

Islamistak faborito dira hauteskundeetan. EFE
Egiptok demokraziara iristeko lehen urratsa eman du

01:34

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Egiptoko herritarrek Parlamentu berria aukeratzeko bozkatu dute gaur parte hartze handiarekin. Bi orduz luzatu behar izan dute bozkatzeko epea, hauteskunde zentroak beranduago zabaldu dituztelako.

Estatuko telebistaren arabera, zenbait hauteslekutan ez da boto-paperik eta hautestontzirik izan; halaber, zenbait epaile berandu heldu dira hauteslekuetara prozesua ikuskatzeko.

Agintariek ez dituzte daturik eman, baina jendetza handia izan da El Cairon eta beste bederatzi lurraldetan.

Urrats garrantzitsua da Indar Armatuen Batzorde Gorenak gidatutako trantsizioan, herritarrek agintea uzteko eskatzen badiote ere.

Legegintzarako hauteskunde prozesua hainbat txandatan egingo dute. Gaur hasi, eta matxora arte iraungo du.

Azken hamarkadetako hauteskundeekin alderatuta, gaurkoetan jendetza handia joan da bozkatzera Kairon, eta hauteslekuetan ilara asko ikusten ari dira. Lehen hauteskundeak dira herritarrek Hosni Mubarak diktadorea agintea uztera behartu zutenetik.

Hauteskunde Batzordearen arabera, bozketa eguneko lehen orduetan hainbat irregulartasun atzeman dituzte. Hain zuzen ere, "alderdi batzuk" hauteskunde propaganda banatzen ari direla eta hautesleku batzuk beranduago ireki dituztela aipatu du. EFEk egiaztatu ahal izan duenez, Kairoko hainbat auzotan alderdi islamistaren militanteak propaganda banatzen ari dira.

Parlamentu berriak Asanblea Konstituziogile bat izendatuko du, eta horrek idatziko du herrialdeko Konstituzio berria.

Hain zuzen ere, bozkatzeko eskubidea duten 50 milioi egiptoarrek Behe Ganberako 498 parlamentario eta Goi Ganberako 180 senatari hautatu beharko dituzte.

Armadak beste 10 parlamentario izendatuko ditu, eta presidente berriak (2012ko erdialdean hautatuko dute) 90 senatari.

Militarrek eta poliziek ez dute bozkatzeko eskubiderik.

Gaur bederatzi probintziatan bozkatuko dute, tartean Kairon eta Alejandrian. Hautagaiek ez badute lortzen gutxieneko boto-kopurua, beste itzuli bat egingo dute abenduaren 5ean eta 6an.

Beste bederatzi probintziatan abenduaren 14an eta 15ean bozkatuko dute (bigarren itzulia 21ean eta 22an), eta azken bederatzietan urtarrilaren 3an eta 4an (bigarren itzulia 10ean eta 11n).

Adituen eta matxinoen iritziak

Adituek zuhurtzia agertu dute, hauteskunde prozesua oso korapilatsua baita, baina islamistek eserlekuen % 40 lortuko dituztela uste dute. Aurreikuspen horien arabera, liberalak bigarren bozkatuenak izango dira, eserlekuen herena eskuratuta. Hori horrela, Parlamentua anitza izango litzateke.

Euren aldetik, matxinoak ez dira hauteskunde prozesuarekin fio, helburua Armada agintean iraunaraztea izan litekeela susmatzen baitute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea