Mundua -
El Baradei da buruzagia
Egiptoko manifestariek iraultzarako batzorde bat sortu omen dute
Militarrek boterea utz dezatela eskatzeko bildu dira berriz ere, Mubarakek amore eman zuenetik, protesta jendetsuenean. Manifestariek gainera, iraultzarako batzorde bat sortu omen dute.
Erredakzioa
Egipton, ehunka mila herritar kalean egon dira azken orduotan, Junta Militarrari amore eman dezala eskatzeko. Iraultza ez dela amaitu diote, eta ogia, duintasuna eta askatasuna eskatzen dituzte.
Hosni Mubarakek amore eman zuenetik, Cairon egin den protesta jendetsuena izan da bartekoa.
Ehunka mila lagun elkartu ziren giro baketsuan, militarrek boterea utz dezatela eskatzeko. Al Yazeerako kazetari batek Twitterren esan duenez, manifestariek iraultzarako batzorde bat sortu dute, eta horren buru Mohamed Al Baradei bakearen nobel sariduna izendatu dute.
Bestalde, iturri honek dioenez, Abdel Moneim Aboul Futtouh, anaia musulmanen batzorde aholkulariko kide eta Presidente izateko hautagaietako bat, batzorde horren partaide izango litzateke. Gainera, El Baradei-rekin batera, Hossam Eissak, abokatu egipziarrak, lehen ministrorde kargua har lezake, baita Abulela Madik ere, Al Wasat alderdi islamiar moderatuko buruzagiak.
Bitartean, atzo Junta Militarrak izendatu zuen lehen ministro berriak, Kamal Ganzurik, denbora eta aukera bat ematea eskatu die herritarrei.
Baina denak ez dira militarren kontrako protestak. Izan ere, Cairo bertako beste plaza batean militarrei eta lehen ministro berriari babesa agertzeko elkartu dira milaka herritar.
Gainera, Egpitoko anaia musulmanek eta beste alderdi islamiar batzuk begi onez ikusten dute, presidente berria aukeratu bitartean militarrak agintean jarraitzea.
Momentuz militarrek ez daukate amore emateko asmorik. Dagoeneko, Washingtongo gobernuak eta Ban Ki Moon Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak boterea lehen bailehen zibilen esku uzteko eskatu diete.
Egiptoko telebista kate batek dionez, segurtasun indarren eta manifestarien artean istiluak hasi dira berriz ere goizean, poliziaren kotxe batek Gobernuaren parean bildu direnen aurka egin duenean. Informazio honen arabera, manifestari bat hil da eta beste hainbat zauritu dira gertaera honetan.
Lehen ministro berriak gizarte-asaldura ulertzen du
Bitartean, Egiptoko lehen ministro berriak, Kamal Ganzourik , herritarren kexak "naturalak" direla esan du herrialdeko erreformen moteltasuna dela eta, eta hilabeteko epea esaktau die herritarrei, batik bat gazteei.
'Arriyadiyah' egunkariak gaur argitaratu duen elkarrizketaren arabera, Ganzourik esan du Gobernu berriaren helburuak segurtasuna bermatzea eta herrialdeko egonkortasuna direla, eta egoerak uzten badu, herrialdeko ekonomia suspertzea.