Mundua -
Istilu gogorrak Kairon
Egiptoko Junta Militarraren promesek ez dute protestak baretzea lortu
Bosgarren egunez jarraian Tahrir plazan istilu gogorrak dira nagusi. Azken balantzearen arabera, guztira 37 dira liskarretan hildakoak.
Erredakzioa
Kairo erdigunea manifestarien eta segurtasun indarren arteko liskarren lekuko bihurtu da bosgarren egunez jarraian. Indar Armatuen Goreneko Kontseiluak Gobernu Zibil bati transferentzia egiteko aukera aurreratzearen alde agertu bada ere, protestek jarraitzen dute bertan.
Azken egunetan izandako liskarretan hildakoak 37 dira, Reuters agentziaren arabera. Egiptoko Osasun Ministerioak, berriz, hildakoak 32 direla esan du eta zaurituak 2.000 inguru.
Mohamed Husein Tantawi Junta Militarreko buruak, Hosni Mubarakek otsailaren 11n dimititu zuenetik lurraldea gidatzeb duenak, bart gauean herrialdeko presidente berria aurreikusitakoa baino sei hilabete lehenago aukeratuko dela hitz eman zuen bart, hauteskundeak ekainean izango direla azaldu zuen.
Tahrir plazan bilduta zeuden milaka manifestarik "Zoaz, zoaz" oihukatu zuten ozen. Herritarrak oso haserre daude, izan ere, Armadak boterea Mubarakek dimititu eta sei hilabetera utziko zuela agindu zuen, baina oraindik herrialdea zuzentzen jarraitzen du.
El Baradeiri buruzko zurrumurruak
Armadak Mohamed ElBaradei Bakearen Nobela eta Egiptoko presidente izateko hautagaia bitarteko lehen ministro izendatuko duen zurrumurruak dira nagusi, Essam Sharafen Exekutiboak protesta berriei erantzuteko errepresioa ikusi ondoren uko egin eta gero.
Armada ElBaradei lehen ministro berri izendatzea aztertzen ari dela argitaratu zuen atzo Al Hayat telebista kateak hainbat iturri politiko aipatuta.
Gaur, Al Wafd egunkariak argitaratu duenez, ElBaradeik herrialdearen gidaritza hartzeko eskaintza onartzeko baldintza batzuk ezarri ditu.