Mundua -
Egipto
Erreferendum bat iragarri du Junta Militarrak
Kairoko Tahrir plazan bildutako milaka manifestariek "kanpora, kanpora" oihuekin hartu dute Husein Tantaui Kontseilu Goreneko buruzagiaren hitzaldia.
Erredakzioa
Herritarrek militarrak boterea uztea nahi duten erabakitzeko erreferendum bat egingo dela iragarri du gaur Husein Tantaui Indar Armatuetako Kontseilu Goreneko presidenteak.
Kairoko Tahrir plazan bildutako milaka manifestariek "kanpora, kanpora" oihuekin hartu dute Husein Tantaui Kontseilu Goreneko buruzagiaren hitzaldia.
Herriak kontsulta batean hala erabakitzen baldin badu Junta Militarrak berehala boterea utziko duela iragarri du Tantauik, baina plazan bildutako egiptoarrak ez ditu konbentzitu. Militarren borondatearen aurrean mesfidantza agertu dute manifestariek.
"Erantzukizuna lagatzeko prest gaude, herriak erreferendum batean hala erabakitzen baldin badu", adierazi du Tantauik, baina xehetasun gehiagorik eman gabe. Hitzaldia amaitzerakoan egin du iragarpena Tantauik.
Hauteskundeak
2012ko uztaila baino lehen presidentetzarako hauteskundeak egiteko Junta Militarraren borondatea berretsi du Tantaui mariskalak. Era berean, hauteskunde legegileak azaroaren 28an egingo dituztela esan du.
"Batzuek" Junta Militarra borrokara eraman nahi izan dutela salatu du Tantauik, baina agintariek "zuhur" jokatu dutela goraipatu du, autokontrola praktikatuz.
"Aldebakarreko erabaki politikorik ez dugu sekula hartu, botere politikoari laguntza eskatzen diogu beti. Hasieratik prozesu politiko bati hasiera eman genion", errepikatu du, boterea agintari zibilen eskuetan uzteko.