Mundua -
Egipto
Indar politikoekin 'premiaz' hitz egitea eskatu du Batzorde Militarrak
Batzordeak Egiptoko Exekutiboaren dimisioa onartu duela jakinarazi dute Al Yazira eta CNN telebistek, baina zain dagoela argitu du Gobernuak.
Erredakzioa
Indar politikoekin "premiazko elkarrizketa" izatea eskatu du gaur Batzorde Militarrak, krisiaren arrazoiak ezagutzeko eta egoera konpontzeko. Gobernuaren dimisioa onartzen duenik ez du argitu Batzorde Militarrak.
Batzordeak Egiptoko Exekutiboaren dimisioa onartu duela jakinarazi dute Al Yazira eta CNN telebistek, baina zain dagoela argitu du Gobernuak.
Gutxienez 33 pertsona hil dira Kairon Poliziaren eta manifestarien artean jazotako istiluetan, Egiptoko Osasun Ministeritzatik jakinarazi dutenez.
Essam Sharafen Gobernuaren dimisioa onartu du Indar Armatuetako Batzorde Gorenak, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez. Hosni Mubarak otsailean erori zenetik Egipto gobernatzen dute Indar Armatuek.
Hosni Mubaraken dimisioa eragin zuen iraultzako ikono bihurtu zen Tahrir plazan gaur ere liskarrak izan dira nagusi, hirugarren egunez jarraian bertan bildu dira manifestariak.
Junta Militarraren dimisioa exijitzen dute
Iraultzaren Koalizioa izeneko taldeak, Hosni Mubaraken dimisioa eragin zuen iraultza bultzatu zuten taldeak biltzen dituenak, Tahrir plazan eta Egiptoko gainerako plazetan Junta Militarraren dimisioa exijitzeko manifestazioak deitu dituzte.
Halaber, Barne Ministeritzaren eta Segurtasunaren berregituraketa eta Gobernuaren desegitea eskatzen dute.
Aldarrikapen hauek eragin dute joan den ostiraleko Tahrireko protesta. Manifestazioen ondoren istilu larriak sortu ziren.