Mundua -
Gobernu berria, Italian
Diputatuen Ganberak behin betiko baietza eman dio Montiren Gobernuari
Europako komisario ohiak iragarri egin du datorren asteko ostegunean hiruko bilera bat izango duela Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin.
Erredakzioa
Italiako Diputatuen Ganberak behin betiko konfidantza-botoa eman dio Italiako Gobernu berriari. Gobernua teknokratek osatzen dute eta Mario Monti du buruan. Monti, gainera, Ekonomia ministroa ere bada.
Italiako Gobernuak 556 boto jaso ditu alde eta 61 kontra. Gauzak horrela, Exekutiboari azken bultzada eman diote Italia krisi larritik ateratzeko bideari ekin diezaion.
Parlamentuaren konfiantza lortuta, Montiren Gobernua, 12 ministro eta beste bost sailik gabekoak, lanean hasi daiteke Montik ostegunean aipatutako hiru oinarriei jarraituz: zorroztasuna aurrekontuetan, hazkundea eta berdintasuna.
Merkel eta Sarkozyrekin, bilera
Botazioaren aurretik, Montik iragarri egin du datorren astean Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin eta Nicolas Sarkozy Frantziako presidentearekin bilera egingo duela, hirurak batera, Europako erakundeei egingo dien bisitaren testuinguruan.
Diputatuek hainbat alditan eten dute Montiren hitzaldia txaloak emateko. Lehen ministroak azken egunetan jasotako kritikei erantzun nahi izan die. Gobernuak "botere nagusiak" ordezkatzen ditueka eta "interesen arteko gatazka" izango duela esaten dienei, kritika horiek "fantasia hutsa" direla erantzun die, "asaldariak eta iraingarriak", eta bere taldeak Italiaren alde lan egingo duela azpimarratu du.