Mundua -

Al Asaden aurkako protestak

1.180 atxilotu askatu ditu Siriak

Atxilotu guztiak askatzeko eta indarkeria gelditzeko ultimatuma eman zion Damaskori Arabiar Ligak. Epea asteazken honetan amaitzen da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bachar al Asaden erregimenaren aurkako protestetan atxilotutako 1.180 pertsona askatuko dituela iragarri dute gaur Siriako agintariek. Atxilotu guztiak askatzeko eta indarkeria gelditzeko ultimatuma eman zion Damaskori Arabiar Ligak. Epea asteazken honetan amaitzen da.

Askatuak "Siriako gertakarietan erantzukizuna dute, baina eskuak ez dituzte odolez zikinduta", Sana albiste-agentzia ofizialak jakitera eman duenez.

Odol-deliturik ez duten presoak askatzen dituzten aurreneko aldia ez da Sirian. Izan ere, azaroaren 5ean, Sakrifizioaren Jaian, 553 atxilotu askatu zituen Damaskoko erregimenak. Atxilotu guztiek protestetan parte hartu zuten.

Aurreko egunean odol-deliturik gabeko matxinoen amnistia bermatu zuen Barne Ministerioak, eta horretarako astebeteko epea eman zuen. Hori bai, aldez aurretik armak entregatu eta polizia-etxeetan entregatu behar zirela jakinarazi zuten agintariek.

Indarkeria

Nahiz eta gaur mila atxilotu baino gehiago askatu, Al Asaden erregimenak ez ditu arabiar egitasmoaren beste puntu batzuk bete, indarkeria gelditzea edo segurtasun indarrak kaleetatik erretiratzea esaterako.

Oposizioko taldeek gaur salatu dutenez, Gobernuaren errepresioaren ondorioz ehun pertsona baino gehiago hil dira azken bi egunetan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea