Mundua -
Epaiketa Norvegian
Breivikek hilketak aitortu ditu baina ez du erruduntasuna onartu
Norvegian 77 pertsonaren heriotza ekarri zuten atentatuak egin izana aitortu duen gizonak ez dio auzitegiari zilegitasunik aitortzen, “zuek (epaileak) kultura aniztasuna bermatzen duzuelako".
Erredakzioa
Anders Behring Breivikek uztailaren 22an Oslon eta Utoya uhartean izandako atentatuak egin izana aitortu du astelehen honetan izandako saio publikoan, baina bere burua erruduntzat hartzeari uko egin dio. Sarraskian, 77 lagun hil ziren.
Breivikek etxean egindako lehergailu handi batez atentatua egin eta 69 lagun tirokatu zituen uharte horretan, Alderdi Laboristak antolatutako udaleku batean. Auzipetuak karguak onartu ditu baina bere burua erruduntzat jotzea errefusatu du. Haren esanetan, auzitegi horrek ez du bera epaitzeko aginterik.
"Norvegiako erresistentzia mugimenduko eta Norvegiako Jaun Tenplarioen komandante militarra naiz. Auzitegi honen eskuduntzaren aurkakoa naiz, ez baitut haren boterea onartzen. Bestelako ideologia babesten duten erakundeen presioak jasotzen dituzue eta, gainera, kultur aniztasuna babesten duzue", azaldu du. "Egindakoa aitortzen dut baina ez dut neure burua erruduntzat joko", gaineratu du Breivikek.
Halaber, biktimen senitartekoei zuzentzen saiatu da Breivik, baina epaileak galarazi egin dio. Saioan, bere ekintzak zuritzen eta hitzaldi politiko bat eraikitzen saiatu da Breivik baina auzipetua behin baino gehiagotan moztu du auzitegiak, NTB albiste agentziak jakitera eman duenez.
Breivikek publikoki hitz egiten duen lehen aldia da. Espero zen bezala, epaiketa hasi bitartean badaezpadako espetxealdia luzatzea erabaki du auzitegiak. Litekeena da epaiketa 2012ko erdialde aldera hastea.