Mundua -
Krisia Italian
Mario Montik 'sakrifizio handiko' egitaraua prestatuko du Italiarako
Alderdi politikoekin eta sindikatuekin Gobernua osatzeko bilera-sortari ekin dio Montik. Hemendik gutxira jakitera emango dituzte Exekutiboko kideen izen-abizenak.
Erredakzioa
Mario Monti Italiako lehen ministro berriak adierazi du lehenbailehen espero duela Gobernua osatzea, "ekonomia onbideratu eta hazkundearen bidea abiatzeko". "Italiak ekonomia onbideratu eta hazkundearen bidea abiatu behar du. Gure seme-alabei etorkizun duina eta itxaropena zor diegu", esan du hedabideen aurrean egindako lehen agerraldian.
Lehen ministro teknokratak gaineratu du "erreskatearen mehatxua" gainditu beharra dagoela, eta Italia "Europar Batasuneko protagonistetako bat" izan behar dela berriz.
Bestalde, alderdiekin eta sindikatuekin astelehen honetan izandako bilera-sorta amaitu ostean Francesco Nucara Italiako Alderdi Errepublikarraren buruzagiak azpimarratu duenez, Mario Monti lehen ministroak "sakrifizio handiko programa garrantzitsu bat" prestatu du italiarrentzat.
Nucarak adierazi duenez, Montik "malkoen eta odolaren arteko oreka bilatuko du". Honen esanetan, lehen ministroak "gazteen lanpostuen eta guztiontzako hazkunde ekonomiko baten alde" egingo du.
Luciana Sbarti senatariaren aburuz, Montiren lehentasunen artean "Europako azpiegiturak eta unibertsitatea" daude.
Alderdi politiko guztiekin eta sindikatuekin bilera-sorta egingo ditu Montik astelehen eta asteartean eta ondoren, larrialdietarako Gobernuko kideen izen-abizenak emango ditu jakitera. Gianfranco Fini Diputatuen Ganberako presidenteak azpimarratu duenez, baliteke Montik Parlamentuaren konfidantza "ostirala baino lehen" lortzea.
Baliteke gaur iragartzea Gobernuko kideak
Montik ez du zehaztu noiz jakinaraziko dituen bere Gobernuko kideak, baina herrialde horretako hedabideen esanetan, baliteke gaur bertan egitea.
Haren proposamena Kongresuak eta Senatuak onartu beharko dute. Prozesu osoa ostegunean egon liteke amaituta.
Italiako lehen ministro izendatu berriak, goizean hasi du alderdi politikoekin eta sindikatuekin Gobernua osatzeko bilera txanda.
Italiak inoizko interes altuenean egin du zor jaulkipena
Italiako Altxorrak 3.000 milioi euro zor jaulkipena egin du bost urterako bonoetan, % 6,29ko interesarekin, 1997az geroztik izan den interes maila altuenarekin, Italiako Bankuak jakitera eman duenez.
Urriko enkantea % 5,32ko interesarekin egin zen.
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak dimititu eta eta gero egin den lehen enkantea da gaurkoa, eta hortaz, merkatuak adi egon dira.
Berlusconik ez du utziko politika
Bestalde, Silvio Berlusconi lehen ministro ohiak azaldu du "erantzukizuna" dela eta aurkeztu duela dimisioa, baina politikan jarraituko duela ohartarazi du.
"Espekulatzaileen beste eraso bat galarazteko dimititu dut, baina Parlamentuak ez dit inoiz kendu konfiantza", nabarmendu du.