Mundua -

Lehenengo adierazpenak

Silvio Berlusconik politikan jarraituko duela iragarri du

"Italiaren kontrako espekulazio-erasoa saihesteko dimititu dut, Parlamentuaren konfidantza inoiz galdu gabe", azpimarratu du 76 urteko lehen ministro ohiak.

Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministro ohia. Argazkia: Efe.
Silvio Berlusconi, Italiako lehen ministro ohia. Argazkia: Efe.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Silvio Berlusconik "estatu zentzuak eta Italiarekiko erantzukizunak bultzatuta" dimititu duela esan du igandean. Politikan jarraituko duela iragarri du ere, herria berriztatzeko Parlamentuan eta erakundeetan lan bikoitza egingo duela gaineratuz.

Berlusconi telebistarako grabatutako mezu batean egin dite adierazpen horiek. Mezu horretan Roman bildutako milaka italiarrek Giorgio Napolitano presidenteari dimisioa aurkeztera zihoanean egindako erasoek eta irainek "tristetu" egin zutela esan du.

"Italiaren kontrako espekulazio-erasoa saihesteko dimititu dut, Parlamentuaren konfidantza inoiz galdu gabe", azpimarratu du 76 urteko lehen ministro ohiak.

Storaceri mezua

Ordu batzuk arinago, Francesco Storace La Destra alderdiko idazkariari bidalitako idatzian, Silvio Berlusconik Storace berari eta bere alderdiari hitz egiten die: "zuen espirituarekin bat nator eta zuekin batera gobernuaren bidea berriro hartzea espero dut". Hala ere, ez du horren inguruko zehaztasun gehiagorik ematen.

Idatzi horretan, lehen ministro ohiak bere Gobernuak azken hiru urte eta erdian egindako lana "harrotasunez" aldarrikatzen du, Giorgio Napolitano presidenteari dimisioa aurkeztu eta 24 ordura.

"Utzi nazazue azken hiru urte eta erdian egindako lana harrotasunez aldarrikatzen, historian aurretik inoiz izan ez den nazioarteko krisi egoeran", esan du Berlusconik.

Il Cavalierek deitoratu egin du "Parlamentuan xantaia txikiak eta transformismoa, Italiako politikako biziorik zaharrenak nagusi izatea".

Politikari kontserbadorearen iritziz, legealdiko "bekatu kapitala" Gianfranco Fini kide ohia Askatasunaren Herria bere alderditik joatea izan zen, 2010eko udan. Gertaera horrek legealdia "oztopatu" egin zuen. Berlusconik, gainera, bere alderdian izandako azken bajak ere aipatzen ditu.

Bossik ez du Gobernu berria babestuko

Umberto Bossi Iparraldeko Ligako buruzagia ez dago Italiako Gobernu tekniko baten osaketarekin ados eta azpimarratu duenez, Gobernu hori aurrera ateraz gero, bere alderdia oposiziora igaroko da.

"Proposamen honi ezetz esan diogu. Gobernua handia izango da eta ez gaituzte behar. Oposizioan izan eta zelatan egongo gara", esan die Bossik kazetariei Errepublikako presidentziako egoitzatik atera denean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea