Mundua -
Krisia Italian
Italiako Senatuak EBri hitz emandako neurriak onartu ditu
Diputatuen Ganberak asteburuan berrestea espero da. Berlusconik erreformak adostu ostean dimitituko zuela hitz eman zuen.
Erredakzioa
Italiako Senatuak 2012ko Aurrekontuen Lege proiektua onartu du. Lege horretan hain zuzen, Italiako Gobernuak Europar Batasunari hitz emandako erreforma ekonomikoak jasotzen dira.
Lege proiektuak aldeko 156 boto, kontrako 12 eta abstentzio bat jaso ditu. Oposizioko alderdi nagusiek, Alderdi Demokratikoak eta Hirugarren Poloak ez dute bozketan parte hartu.
Txostena, Diputatuen Ganberak berretsi beharko du asteburuan, eztabaida labur baten ondoren, eta neurriak adostutakoan, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak dimisioa aurkeztuko duela aurreikusten da, joan den asteartean eman zion horren berri Giorgio Napolitano lurraldeko presidenteari.
Une honetan, Gobernu tekniko baten eraketa da Berlusconiren ondorengo garairako gehien entzuten den aukera. Italiak bizi duen egoera ekonomiko zailetik aterako duen pertsona bat buru duela.
Gobernu tekniko horren buru izateko hautagaien artean, Mario Montiren izena da gehien entzuten dena. Montik 68 urte ditu eta Parlamentuko indarren babes handia du. Asteazkenean Estatuburuak biziarteko senatari izendatu zuen eta lehen ministro izateko aukera bezala interpretatu dute hori.
Berlusconiren eta Van Rompuyren bilera
Herman Van Rompuy Europako Batzordeko presidentea Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroarekin bilduko da gaur gauean, zorraren krisiaren inguruan hitz egiteko.