Mundua -
Krisia Grezian
Greziarrek 5.000 milioi euro atera dituzte azken astean bankuetatik
Greziako banku sistemak porrot egitearen beldur dira greziarrak. Horregatik, dirua ateratzea erabaki dute, Gobernuak herritarren kontu korronteen erabilera murriztuko duelako ikaraz.
Erredakzioa
Greziarrek 5.000 milioi euro atera dituzte azken astean banku kontuetatik, gutxi gorabehera bankuek funtsetan gordetzen dutenaren % 3.
Aurreko asteko astelehenean hasi ziren dirua kontu korronteetatik ateratzen, hain zuzen ere Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak egingo duten erreskate plan berriaren inguruko erreferenduma antolatu zuenean; geroago, atzera bota zuen, hala ere, asmo hori Papandreuk. Horren ondoren, herrialde horretako bi alderdi nagusiek koalizio gobernua eratu dute, etorkizun hurbilean herrialdea kudeatzeko.
"Ikaragarria da!"
Orain, Greziako banku sistemak porrot egitearen beldur dira greziarrak. Horrez gain, Gobernuak kontu korronteak erabiltzeko murrizketak jarriko dizkien ikaraz, herritarrek dirua ateratzea erabaki dute. Banku bateko arduradun batek adierazi duenez, "bezeroek 600.000 eta 700.000 eurorainoko kantitateak" eskatu dituzte, “etxera eramateko”. "Ikaragarria da!" gaineratu du.
Erantzun modura, bankuak % 7ko interesak ari dira eskaintzen, bezeroek dirua bankuetako kontuetan utz dezaten. 2010eko urtarriletik, greziar bankuen gordailuak % 21 jaitsi dira, eta horrek Europako Banku Zentralarekiko mendekotasuna handitu du.