Mundua -
Krisia Italian
Italiak asteburuan onartuko ditu EBk eskatutako murrizketak
Italiako arrisku saria erreskate mailaraino igo da, eta 560 puntuak gainditu ditu une batez, nahiz eta Berlusconik Europar Batasunak exijitutako erreformak adostu ostean dimititu egingo duela esan.
Erredakzioa
Giorgio Napolitano Italiako Errepublikako presidenteak Silvio Berlusconiren dimisioaren inguruan zalantzarik ez dagoela esan du, Parlamentuak EBri agindutako lehen erreforma ekonomikoak onartu ostean.
Agiri batean jakinarazi dutenez, Estatuko buruak esan du Gobernua edo Parlamentua ez dela, inola ere, "epe luzean" geldirik egongo.
"Ez dago inolako zalantzarik Berlusconiren dimisioaren inguruan. Dimisioa aurrera aterako da, Parlamentuak 2012ko aurrekontuen legea onartzen duenean", esan du Napolitanok.
Erreskate mailaraino
Italiako arrisku sariak, herrialdearen 10 urterako bonoak Alemaniakoekin alderatuta kalkulatzen denak, 568 puntuko maila gainditu du eguerdian. Hala, Portugalen eta Irlandaren erreskate ekonomikoa eragin zuen 500 puntuko mailatik nabarmen egin du gora.
10 urterako bonoen errentagarritasuna % 6,91n mantendu da, kritiko askok "itzulerarik gabekoa" dela iritzi dioten maila baino hamarren bat gutxiago. Irlandak, adibidez, une horretan eskatu behar izan zien laguntza Europako agintariei.
Zor publikoa murrizteko Europak exijitutako erreformak onartu eta gero dimitituko duela adierazi du oraindik Italiako lehen ministro denak, eta diru-merkatuek horrela jaso dute Berlusconiren erabakia.
2012ko Italiako aurrekontuak asteburuan onartuko dituzte
2012ko aurrekontu orokorrak asteburu honetan onartuko dituzte Parlamentuan, Diputatuen eta Senatuaren Ganberako bozeramaileek jarritako epeen arabera.
Estatuko kontuen testuak ostiralean iristea aurreikusi dute Senatuko osoko bilkurara, eta egunean bertan onartzea, boterean dagoen gehiengoak eta oposizioak onartu dutelako aldaketa proposamena.
Senatuan onartu ostean, Diputatuen Ganberara pasatuko dute testua behin betiko onartu izan dadin; hori ere egunean bertan izan liteke, nahiz eta hurrengo egunera pasatu ahal izan.
Behin aurrekontuak onartuta, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak dimititu egingo duela esan du.
Hauteskundeak otsailean
Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak hauteskunde aurreratuak otsaileko hasieran egitea proposatu du, eta bera ez dela aurkeztuko iragarri du.
'La Stampa' egunkariak egindako elkarrizketa batean, Berlusconik baieztatu egin du atzo egindako iragarpena, hots, dimisioa aurkeztuko duela Parlamentuak Europar Batasunak exijitutako erreformak onartu eta gero.
"Uste dut hauteskundeak otsailaren hasieran izango direla, eta ni ez naiz hautagai izango", esan du.
Hori horrela, Berlusconik iragarri du bere alderdiaren hautagaia Angelino Alfano Justizia ministro ohia izango dela.
Bestalde, Berlusconik azaldu du "askeago" sentitzen dela dimisioa iragarri eta gero, "nahi nuen politika egiteko gaitasuna ez izatea"k nazkatuta zuelako.
Bere hitzetan, "boteretsuagoa naiz herritar askea izanda, lehen ministro izanda baino", eta Benito Mussolini diktadorearekin alderatu da. Izan ere, gutun batean, "aholkuak ematea" baino ezin duela egin esan zuen hark.
Nolanahi ere, ukatu egin du "diktadorea" dela, "azken urteetan hedabideetan hala agertu banaiz ere".
Dimisioa iragarri ostean, 'Il Cavaliere'k esan du alderdiaren "aita fundatzaile" kargua hartuko duela, eta berriz ere AC Milan futbol taldeko presidente izaten saiatuko dela (klubaren jabea da).
Atzo haren aurka bozkatu zuten alderdikideei dagokienez, Berlusconik esan du "traizioa" egin diotela. "Oraindik ezin dut sinetsi", nabarmendu du.
Napolitano: "Italiak une zaila bizi du"
Giorgio Napolitano italiar Errepublikako presidenteak lurraldeak "une zaila" bizi duela esan du eta alderdi politiko guztiei "erabaki azkarrak" hartu eta "kohesioa berritzeko" deia egin die.
Italiako estatuburuak lurraldeak "ordu korapilatsuak" bizi dituela azpimarratu du eta horrexegatik italiarrei krisiari aurre egiteko "jokaera berriak" eta "sakrifizioa" eskatu dizkie.
EBko ikuskatzaileak
Ikuskatzaileak Italiako bankuetako arduradunekin bildu dira gaur goizean, eta ondoren Giulio Tremonti Ekonomia ministroarekin, Maurizio Sacconi Lan ministroarekin eta Renato Brunetta Administrazio Publikoetako ministroarekin bilduko dira.
Bestalde, oposizioa eta Ganberetako presidenteak (Renato Schifani eta Gianfranco Fini) erreformak aste honetan bertan edo, "asko jota", datorren astean abian jartzeko prest daude, Schifanik eta Finik agiri batean jakinarazi dutenez.