Mundua -
Babesak galdu ditu
Berlusconiren alderdiaren arabera, lehen ministroak ez du dimitituko
Italiako hainbat egunkarik 'il cavaliere' dimisioa prestatzen zebilela zabaldu zuten. Halaber, erreforma ekonomikoen gainean konfidantzazko mozio bat egingo duela iragarri du Berlusconik.
Erredakzioa
Fabricio Cicchitto Askatasunaren Herria (PDL) alderdiko bozeramaileak baieztatu duenez, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroak ez du dimititzeko asmorik. "Duela gutxi berarekin hitz egin dut eta bere dimisioaren inguruko zurrumurruek oinarririk ez dutela esan dit", adierazi du Cicchittok.
Halaber, Europar Batasunak exijitutako erreforma ekonomikoen gainean hemendik gutxira Italiako Parlamentuan konfidantzazko mozio bat egingo duela iragarri du Berlusconik. Lehen ministroaren aldekoa den "Libero" kazetarekin telefonoz izandako elkarrizketa batean dimisioren esamesak "oinarririk ez duela" baieztatu du 'il cavaliere'k.
Dimisioaren gaineko zurrumurruak azken orduetan zabaldu dira, Italiako hainbat komunikabidek Berlusconiren dimisioa berehalakoa dela esan ostean. Horrela, Giuliano Ferrara "Il Flogio" kazetako zuzendariak eta Franco Bechis "Libero" egunkariko zuzendariordeak astelehen honetan azaldu zutenez, Silvio Berlusconi Italiako lehen ministroa dimisioa aurkeztera zihoan.
Ferrararen aburuz, Berlusconiren dimisioa "hemendik ordu batzutara" izan liteke. Belchisek, berriz, Twitterren zabaldu zuenez, "Berlusconik bihar aurkeztuko du dimisioa eta hori frogatzen duen informazio egiaztatuak ditugu". Askatasunaren Herriak "gaur dimititzea eskatu zion baina bihar egitea hobeto zetorkiola esan du, Milanen hitzordu pribatuak zituelako", azaldu zuen Bechisek.
Babes falta
Italiako lehen ministroak babesak galtzen jarraitu du. Haren alderdiko hainbat parlamentarik dimisioa aurkeztu dute eta ondorioz, Diputatuen Ganberan gehiengorik gabe geratu da. Estutasun politikoko egoeran honetan, bihar konfidantzazko mozio berri bat egingo diote.
Roberto Maroni Barne ministroak adierazi duenez, "ez du ematen Berlusconik dimitituko duenik, ez du merezi amorratzea, dena behera doa eta gu hondakinen azpian geratuko gara harrapatuta".
Zurrumurruek bultzatuta, Milango burtsak % 2,43 egin du gora, saioaren hasieran galerekin hasi bada ere.