Mundua -
Krisia Grezian
Grezian otsailaren 19an egingo dituzte hauteskundeak
Lucas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia da Papandreu ordezkatzeko faborito nagusia, Greziako prentsaren arabera.
Erredakzioa
Grezian otsailaren 19an egingo dituzte hauteskundeak, kohesio gobernuak nazioarteko laguntzak onartu eta azken murrizketa neurriak martxan jarri eta gero, hain zuzen. Evangelos Venizelos Finantza ministro sozialistak eta Demokrazia Berria oposizioko alderdiko ordezkariek bart bilera egin ostean jarri dute hauteskundeetarako data, Ministerioak ohar batean jakinarazi duenez.
Yorgos Papandreu Greziako lehen ministroak eta Antonis Samaras oposizioko liderrak biltzen jarraituko dute gaur, trantsizio gobernuaren buru nor izango den erabakitzeko, gaur adostuko dute ziurrenik.
Lucas Papademos, faborito nagusia
Lucas Papademos Europako Banku Zentraleko presidenteorde ohia da Greziako prentsaren arabera, Papandreu ordezkatzeko faborito nagusia, "Ekathimerini" egunkari lokalak hala dio.
Papademosez gain, Evangelos Venizelos egungo Finantza ministro sozialistaren eta Demokrazia Berria alderdiko Stavros Dimas kidearen izenak ere entzuten dira.
Koalizio gobernua
Nahiz eta joan den ostiralean Papandreuk Parlamentuaren konfiantza botoa jaso -153 diputatu sozialistak babestu zuten- dimititu egingo du, bi urte eta hilabete bat karguan eman ondoren. Koalizio gobernua osatzearen truke agindu du dimisioa Papandreuk; izan ere, ez zuen murrizketa politiken inguruko kontsentsurik, bere talde parlamentarioan eta ministro kontseiluan.
Gobernu berriak bi alderdi handien babesa izango du, Papandreuren PASOK alderdiarena eta Samarasen Demokrazia Berriarena, hain zuzen. Parlamentuko 300 eserlekuetatik 238 dituzte. Gainerako alderdiek lurraldearen batasun exekutiboan parte hartzeko eskaintza baztertu dute.
Greziak ziurtatuta dauka orain 8.000 milioi euroko laguntza zatia jaso ahal izateko beharrezkoak diren murrizketa neurri berriak abiatzeko babesa. Halaber, babes horri esker, herstura plan berriena jarriko dute abian; horren trukean, hain zuzen, 130.000 milioiko bigarren erreskate plana jasoko du Greziak, eta hartzekodun pribatuek zorraren % 50 barkatuko diote.
Greziako Gobernuaren krisia, batik bat, Papandreuk Europako laguntzen inguruan erreferenduma deituko zuela esan eta gero sortu zen.
Angela Merkel
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Yorgos Papandreu lehen ministroarekin hitz egin du telefonoz eta Greziaren egoera egonkortzeko hartutako konpromisoa eskertu dio.
Frantzia
François Fillon, Frantziako lehen ministroak, berriz, Greziako kohesio gobernua osatu izana "konponbide bikaina" dela azpimarratu du, eta Greziako politikariei neurri hori adostu izanagatik zorionak eman dizkie.