Mundua -
Greziako krisia
Kohesio gobernurako Papandreuk dimisioa aurkeztea eskatu du oposizioak
"Laguntzeko prest nago, baina Papandreuk dimisioa aurkezten badu. Orduan, dena bideratuta egongo da", esan du Samarasek, oposizioko liderrak, presidentearekin izan duen bileraren ostean.
Erredakzioa
Papandreuk dimisioa aurkeztu behar duela esan du "Nueva Democracia" oposizioko alderdi nagusiaren buruzagiak, Antonis Samarasek, bere alderdiak irtenbide baten bilaketan laguntza emateko.
"Irtenbidea bilatzeko prest nago, baina Papandreuk dimisioa aurkeztu behar du", esan du Samarasek Greziako presidentearekin izan duen bileraren ostean.
Presidenteak politikari guztien ardura eskatu du bileran irtenbide bat aurkitzeko, "herriak nahi duen bezala",eta kohesio gobernu baterako akordio batera iristeko esan die.
Gobernuko bozeramaileak, Ilias Mosialosek, kohesio gobernu bat eratzeko akordioa gaur bertan lortuko dutela espero duela adierazi du, eta Papandreu agian gobernu horretan ez egoteko aukera dagoela onartu du.
"Akordioek aurrera egin behar dute gaur bertan, kohesio gobernu baten buru egongo den lehen ministroaren izena ezagutzeko", esan du Mosialosek.
"Papandreu ez dago boterean mantentzeko tematuta, baina prozesuak herrialdea lehen ministrorik gabe ez gelditzea bermatu behar du", adierazi du.