Mundua -

FARCen buruzagiaren heriotza

FARCek ukatu egin du desmobilizatu egingo direnik liderra hil ostean

FARCen buruzagiaren heriotzak ez duela desmobilizaziorik ezta bake prozesurik eragingo esan dute.

"Alfonso Cano", FARCen buruzagiaren gorpua. Argazkia: EFE
"Alfonso Cano", FARCen buruzagiaren gorpua. Argazkia: EFE
'Alfonso Cano'-ren heriotza, FARCi eginiko kolpe historiko handiena

01:11

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Alfonso Cano" FARCen buruzagiaren hilketari segituan erantzun diote gerrilariak eta heriotzak ez duela desmobilizaziorik ezta bake prozesurik eragingo esan dute.

"Ez dugu amorerik emango" eta Kolonbiako agintarien aurka borrokatzen jarraituko dutela esan dute FARCeko kideek beraien liderraren heriotzaren ostean.

Ohar batean, desmobilizazioa ukatu dute, atzo bertan politikariek eskatu zieten bezala.

"Kolonbiako bakea ez da gerrilarien desmobilizazioarekin iritsiko, matxinada hau sorrarazi zuten kausen desagertzearekin baizik", esan dute Interneteko beren web orrian.

"Hau ez da lehen aldia Kolonbiako zapalduek buruzagi handi baten heriotzagatik negar egiten dutena. Ezta lehena adorearekin eta garaipenaren uste sendoarekin ordezkatuko dutena", diote bertan.

Kolonbiako presidenteak, Juan Manuel Santosek esan du hil berri duten FARCen buruzagiak berekin bakea egiteko aukera galdu zuela. ETA erakundearen pausoak jarraitzeko eskatu die Santosek FARCeko kideei.

"Ia mende erdia irauten duen FARCen alperrikako indarkeria hausten eta erortzen ari da", esan du agintariak.

Bitartean, "Alfonso Cano"ren senitartekoek Kolonbiako Fiskaltzari gorpua emateko eskatu diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea