Mundua -

NBEren asanblada orokorra

Trinidad Jimenezentzat zilegia da Palestinak NBEri egingo dion eskaria

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroa Salam Fayyad Palestinako lehen ministroarekin bildu da eta gatazka bien arteko negoziazioaren bidez konpontzeko asmoa agertu dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri Gaietarako ministroarentzat "zilegia" da Palestinako Aginte Nazionalak Nazio Batuen Erakundean Estatu palestinarraren errekonozimendua eskatzea.

"Egungo geldialdia gainditzeko modu bat da, eta zilegia da", adierazi du Jimenezek New Yorkera iritsi denean. NBEren Asanbladan Orokorrean parte hartuko du ministroak aste honetan.

Mahmud Abas Palestinako Aginte Nazionalaren presidenteak Estatu palestinarraren errekonozimendua eta eskubide guztien jabe den kide gisa aitortzea eskatuko du ostiralean NBEren Segurtasun Kontseiluan. AEBek dagoeneko iragarri du betoa aurkeztuko duela.

Ministro espainiarrak azpimarratu du herrialde arabiarretan gertatzen ari diren iraultzen baitan, Palestinaren eskakizunekiko ere "sentsibilitatea" erakutsi behar dela.

Espainiako Gobernuarentzat zilegia da, era berean, NBEra jotzea, "alde askotariko foroa" delako. Gainera, palestinarren ekimenak bake eta negoziazio prozesua bultza dezakeela uste du.

Premiazko bilerak

Nazioarteko diplomazialariak premiazko bilerak egiten ari dira israeldarren eta palestinarren aldebiko negoziazioak sustatzeko, Estatu palestinarraren errekonozimendua Nazio Batuen Erakundearen bileran bozka ez dadin.

Ehud Barak Israelgo Defentsa ministroa Salam Fayyad Palestinako lehen ministroarekin bildu da eta gatazka bien arteko negoziazioaren bidez konpontzeko asmoa agertu dio.

Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkaria eta Catherine Ashton Europar Batasuneko Atzerri Politikarako Goi Ordezkaria ere bildu dira. "Egin beharreko bideaz hitz egiteko bildu gara", adierazi du Clintonek.

Gainera, Ekialde Hurbilerako Laukoteko (AEB, Errusia, EB eta NBE) ordezkariek ere bilerak egin dituzte egoera aztertzeko.

Tony Blair Britainia Handiko lehen ministro ohi eta Laukotearen bidali bereziak Estatu palestinarraren errekonozimenduak izango lituzkeen ondorioez ohartarazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea