Mundua -
Gerra Libian
Saif al Islamen arabera, Sirte matxinoei gailentzeko prest dago
Gadafiren seme gazteenak borrokarako deia egin du eta 20.000 gazte baino gehiagoren babesa dutela esan du. Beste seme bat, aldiz, negoziatzeko prest agertu da.
Erredakzioa
Gadafiren seme gazteenak, Saif al Islamek esan duenez, 20.000 gazte baino gehiago daude matxinoei aurre egiteko prest Sirte hirian, Gadafiren azken gotorlekuan.
Siriako Al Rai telebista kateari egindako adierazpenen arabera, gazte horiek "azken minuturarte borrokatuko dute eta mafiei eta traidoreei erantzungo diete". Hala mintzatu da Saif al Islam, asteartean matxinoek Gadafiren alde dauden hiriei amore emateko hiru eguneko epea eman eta gero.
"Libiar herria lasaitu nahi dugu eta lasai gaudela erantzun, garaipena gertu dago", esan du Gadafiren seme gazteenak. Duela egun batzuk matxinoek Saif al Islam atxilotu egin zutela jakinarazi zuten, baina, Gadafiren seme gazteenak nazioarteko komunikabideen aurrean agertu zen berehala informazio hori gezurtatzeko.
Gadafiren seme futbolaria negotziako prest
Saadi Gadafi, Muamar el Gadafiren seme futbolariak, berriz, matxinoen aurrean amore emateko prest dagoela adierazi du Al Arabiya telebista katean eta errendituz gero heriotza gehiago ez izatea lortzen bada.
"Amore emanda heriotzak sahiestuko balira, amore emango nuke", esan du Saadik telebista katean eta berak gerran inoiz ez duela parte hartu adierazi du. Halaber, "iraultzaileak gure anaiak dira" esan du Gadafiren semeak eta boterea eurei emateko inolako arazorik ez dutela ziurtatu du.
Armak uzteko esakera egin die Saadik gatazkako alde guztiei eta liskarrek aurrera jarrai ez dezaten su-eten bat beharrezkoa dela azpimarratu du.
"Giza eskubideen hauste krudelak"
NBEk Libian giza eskubideen hauste krudelak daudela esan du; horien artean, Gadafiren soldaduek egindako pertsona askoren hiltze sumarioak daude, Tripoliren kontrola galdu aurretik egindako hiltzeak. Matxinoek, bitartean, Gadafiren semeetako batek errenditzeko eta erreboltarien aldean borrokatzeko nahia azaldu duela esan dute. Libiarrak, aspalditik "askatasunean" lehen aldiz, Ramadanen amaiera ospatzen ari dira; horrela adierazi dute Bengasiko herritar batzuek.
Nazio Batuen Erakundeak Libian izango duen papera prestatzen ari dira egunotan, baina gatazka bukatzen denerako, izan ere, trantsizioa istilurik gabe bermatu nahi du NBEk eta horretarako misioa egingo du Afrikako herrialdean, baina oraingoz ez dituzte 'kasko urdinak' eramango.
"Oraingoz, misioak ez du 'kasko urdinik' izango. Argi dago libiarrek ez dutela NBEren edo bestelako erakundeen militarrik nahi", adierazi du Ian Martin gatazkaren osteko misioaren arduradunak Segurtasun Kontseiluarekin bildu ondoren.
Martinen esanetan, Ban Ki-moon NBEren idazkari nagusiak sustatu duen misioa Muamar el Gadafiren erregimena bukatzen denerako "politikoa" izango da eta agintari berriei trantsizioa istilurik gabe egiten lagunduko du, demokrazia lortzeko.
NBEko kideak onartu du hasiera batean bake misio bat egin nahi zutela Libian, baina "egungoa ez den testuinguru baterako" zen eta Trantsiziorako Batzorde Nazionalarekin hitz egin ondoren "ez dugu espero agintari libiarrek ikuskatzaile militarrak eskatzea".
Martin Abdelilah al Jatib NBEren Libiarako bidali bereziarekin eta Trantsiziorako Batzorde Nazionalarekin bildu da azken egunotan buruzagi errebeldeen eskariak eta iritziak zeintzuk diren aztertzeko.