Mundua -
Bortxaketa saiakera
Dominique Strauss-Kahnen aurkako karguak atzera bota ditu epaileak
Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ohiaren kontrako karguak bertan behera utzi ditu New Yorkeko epaileak, eta aske geratu da. Gainera, laster itzuliko diote pasaportea Strauss-Kahni.
Erredakzioa
Ondorengo orduetan jasoko du Dominique Strauss-Kahn politikari eta ekonomilariak bere pasaportea. Ondorioz, nahi duenean itzuli ahal izango du Frantziara, epaileak bere kontra joan den maiatzean aurkeztutako karguak bertan behera utzi ostean.
Manhattango fiskaltzaren bozeramale batek esan duenez, Strauss-Kahn "askea" da Europara itzultzeko, nahiz eta oraingoz Strauss-Kahnek "zenbait gai argitu behar ditu AEBetan".
Ministeritza publikoaren nahia pasaportea ahalik eta lasterren itzultzea da. Berak edo bere abokatuek jaso ahal izango dute, edo mezulari batek eramango dio bestela.
"Bere bizitza normaltasunera itzuli da", azaldu du bozeramaleak. Dokumentua jaso bezain laster, Frantziara joan ahalko da Strauss-Khan.
Karguak bertan behera utzi dituzte
Michael Obus New Yorkeko epaileak Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendari ohiaren kontra joan den maiatzean aurkeztutako karguak bertan behera utzi ditu eta, ondorioz, aske geratu da. Nafissatou Diallo New Yorkeko hotel bateko garbitzaileak Strauss-Kahn salatu zuen, ustez bortxatzen saiatzeagatik.
Horrela, Obus epaileak Fiskaltzaren gomendioa onartu du eta Strauss-Kahnen aurkako karguak atzera bota ditu. AEBak nahi duenean uzteko baimena lortu du Strauss-Kahnek.
NDFren zuzendari ohiak adierazi duenez, "azken hilabeteak ametsgaizto bat izan dira eta nahi dudan gauza bakarra etxera itzultzea da".
Strauss-Kahnek azaldu duenez, "lasaitasun" handia hartu du, eta "Frantziara" joateko irrikitan dago. "Nire etxera itzultzeko gogoak ditut, baina gai batzuk argitu behar ditut aurretik", esan du.