Mundua -
Al Assaden erregimena
NBEk Sirian gizateriaren aurkako krimenak egon diren aztertuko du
NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak Bacher Al Assaden erregimena gaitzetsi du; Errusia eta Txinaren botoak erabakiaren aurkakoak izan dira.
Erredakzioa
NBEk batzorde independente bat bidaliko du Siriara, bertan gizateriaren aurkako krimenak egon diren aztertzeko, eta, halaber, Bacher Al-Assaden erregimenaren errepresioa, horren kontrako oposizioaren aurkakoa, gaitzesten duela jakinarazi du. NBEko Giza Eskubideen Kontseiluak, hortaz, onartu du Genevan Europar Batasunak aurkeztutako testua, AEBren babesa zuena, nahiz eta Errusiak eta Txinak, Segurtasun Kontseiluan beto-eskubidea duten herrialdeek, euren ezezko botoak eman dituzten. Horien ustez, testuak helburu suntsitzaileak ditu, eta Siriako egoera ezegonkortzea nahi du.
Onartutako erabakiak Al Assaden erregimenaren gaineko presioa areagotu nahi du, eta Jordaniaren, Kuwaiten, Qatarren eta Saudi Arabiaren aldeko botoak lortu ditu; horiek dira Kontseiluan ordezkaritza izan duten herrialde arabiarrak. Kuba eta Ekuador izan dira ezezkoa eman duten beste biak.
Siriak Genevako NBEren egoitzan duen enbaxadoreak, Faisal Al-Hamwik, erabakia testua "politikoa eta desorekatua" dela esan du, Siriako egoeraren inguruko mezu okerra islatzen duena. "Proiektu honen egileek -aipatu du- Kontseiluaren espirituari erantzun hobea emateko eta orekatuagoa izateko aukera izan dute". Bere ustez, herrialde independente eta burujabe batean esku hartzeko borondatea uzten du agerian. Nolanahi ere, Al-Hamwik azpimarratu du NBEren batzordearen bisita Siriako gobernuak herrialdean ezarritako erreformak osatu bezain laster buru ahal izango dela.
Eileen Chamberlain Donahoek, AEBren ordezkariak, ekintzek hitzek baino argiago hitz egiten dutela esan du; bere ustez, orain arte Damaskok ez du konfidantzarik izateko arrazorik eman.