Mundua -

Gerra Libian

Matxinoek ia Tripoli osoa dute kontrolpean eta Gadafiren bila ari dira

Hiriburuaren % 95 errebeldeen esku omen dago, baina, oraindik borroka gogorrak dira nagusi jauregi presidentzialaren inguruan. Nazioarteak "boterea berehala utz dezala" exijitu dio.

Matxinoak Tripoliko kaleetara atera dira. Argazkia: Efe.
Matxinoak Gadafiren bila dabiltza Tripolin

01:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Libiako matxinoek Tripoli hiriburuaren "% 95 kontrolatzen dute" dagoeneko eta Muamar al Gadafi epaitua izan arte ez direla geratuko adierazi du Mahmud Nacua oposizioko indarrek Erresuma Batuan duten ordezkariak. Bitartean, Gadafik Libiak jarraitzen duela uste du AEBk. Barack Obama AEBtako presidenteak Gadafiren erregimenaren "bukaera gertu" dagoela esan du.

Bestalde, "garaipena dela eta libiarrak bart gauaz geroztik ospakizunetan murgilduta daude. Gadafiren garaia amaitu da", esan du Nacuak.

Datozen egunetan oposizioak oraindik "zailtasun batzuk" izango dituela onartu du, baina Trantsiziorako Kontseilu Nazionalak "arazoak konpondu eta hitz emandako Libia eraikitzeko" duen gaitasunean konfiantza duela adierazi du.

Muamar Gadafiren berririk ez dago oraindik, baina Libian jarraitzen duen susmoa dute. "Aurkitzen dugun arte eta epaitua izan arte ez dugu etsiko", adierazi du Nacuak.

Borrokak gogorrak auzo batzuetan

Nahiz eta ia hiriburu osoa matxinoen esku egon borroka gogorrak daude oraindik hiriburuko zenbait tokitan. Errebeldeek Muamar Gadafiren jauregira gerturatzea lortu dute, baina koronelaren aldeko indarrekin topo egin dute, hala adierazi du matxinoen ordezkari batek.

"Egoera ez da egonkorra. Tiroketak daude kale kantoi guztietan. Gadafiren indarrek tankeak atera dituzte eta portuaren eta jauregiaren inguruan daude.

"Matxinoak Tripoli hiriko toki guztietan daude, batzuk, Bab al Aziziya, Gadafiren Tripoliko jauregiaren inguruan, baina bere aldekoek bertan eusten diote", azaldu du matxinoen ordezkarietako batel.

Iturri horren arabera, Libiako koronelaren aldeko frankotiratzaileak dira matxinoen ardura eta oztopo nagusia.

Ehunka matxino Plaza Berdean

Bitartean, beste ehunka matxino Tripoli erdigunean dagoen Plaza Berdera heldu dira, Reuters agentziako kazetari batek jakinarazi duenez.

"Allahu Akbar!" (Jainkoa da handiena) oihu eginez sartu dira hiriburuaren erdialdean. Plaza Berdea Gadafiren erregimenaren aldeko gune nagusia izan da, erregimenaren aldekoek koronelari babesa erakutsi ohi izan dioten tokia, hain zuzen.

NATOK misioarekin jarraituko du oraindik

NATOk Libian duen misioarekin jarraituko du eta hegazkinekin inguruak zaintzen jarraituko dutela adierazi dute aliantzako hainbat iturrik Gadafiren indarrek amore eman arte.

"Matxinoen aurrerapausoa "azkarra" izaten ari da, baina "misioa oraindik ez da amaitu", hala adierazi du erakundearen ordezkari batek Napoleko egoitzatik. "Operazioak aurrera jarraitzen du oraindik. Zibilen aurkako indarkeriak jarraitzen duen artean, misioak aurrera jarraituko du", esan du.

Nazioarteak Gadafiri amore emateko exijitu dio

Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak eta Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidenteak Gadafiri porrota onartu eta boterea utz dezala exijitu diote.

"Libiarren askatasunaren bilaketa une historiko batera heltzen ari da. Libia berri baten aldeko indarren etengabeko ahalegina, NATOk, Europar Batasuneko lurraldeek eta inguruko herrialdeek lagunduta, Gadafiren erregimenarekin amaitzen ari da", adierazi dute ohar batean.

"Gadafi koronelari hiritarren nahia bete eta boterea berehala uzteko eskatzen diogu sarraski handiagorik izan ez dadin", adierazi dute.

Catherine Ashton Europar Batasuneko Kanpo Harremanetarako eta Segurtasunerako goi ordezkariak adierazi duenez, Muamar Gadafiren erregimena "azkenetan" dago eta Libiako agintariari "atzerapenik gabe" boterea utz dezala exijitu dio.

Halaber, Europar Batasunak libiar herria babestuko duela adierazi du lurraldean demokrazia ezar dezaten. Ashtonen gertukoek adierazi dutenez, Europar Batasuneko kideak hilabeteak daramatzate Libiako transizio prozesua nola bideratu eztabaidatzen.

Barack Obama AEBetako presidentearen ustez, Gadafiren erregimena ahulduta dagoela nabarmena da, eta biktima gehiago izan ez daitezen "behingoz" boterea uzteko exijitu dio.

Matxinoak Tripolin egiten ari diren aurrerapausoa ikusita, lurralde horretan izaten ari den "sarraskiarekin" amaitzeko modurik seguruena agintariak boterea uztea dela esan du Obamak. "Erraza da: Gadafik bere agintea amaitu dela onartu behar du", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea