Mundua -
Protestak Sirian
Siriako presidenteak errepresioa gelditu duela esan dio Ban Ki-mooni
Nazio Batuek begirale talde bat bidaliko dute egoera humanitarioa zein den aztertzeko. Zenbait txostenen arabera, "haurrak hiltzen ari dira eta segurtasun indarrek torturatu egiten dituzte".
Erredakzioa
Segurtasun indarrek zibilen kontra egindako operazioak amaitu egin direla esan dio Bachar el Assad Siriako presidenteak Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari.
Banen kabineteak komunikatu batean adierazitakoaren arabera, idazkari nagusia "oso kezkatuta agertu zen giza eskubideen urraketaren eta Siriako segurtasun indarren indarkeriaren inguruko informazioekin".
Nazio Batuen Elkarteko arduradun nagusiak ere Latakiakoak bezalako zibilen atxiloketa handiekin amaitzeko eskatu zion Al Assad presidenteari. Atxiloketa horietan palestinarrak ere harrapatu dituzte.
Al Assadek Polizia eta Armadaren operazioak bukatu direla esanez erantzun zion, Farhan Haq Ban Ki-moonen bozeramaileak zabaldutako komunikatuaren arabera.
Gainera, Siriako presidenteak hitza eman zion erreforma demokratikoak egin eta NBEen misio humanitarioari ateak zabalduko dizkiola.
NBEk misio humanitarioa bidaliko du
Nazio Batuek begirale talde bat bidaliko dute Siriara herriaren egoera humanitarioa zein den aztertzeko Bashar Al Assaden erregimenaren errepresioaren ondoren, Valerie Amos Giza Gaietarako idazkariorde nagusiaren arabera.
Bestalde, Eadhika Coomaraswamy Haurtzaroa eta Gatazka Armatuen arduradunak Siriako haurren egoera larriaz ohartarari du.
Bere bulegoak jasotako hainbat txostenen arabera, "zibilen kontrako operazioetan haurrak hiltzen ari direla eta segurtasun indarrek torturatu egiten dituztela esaten duten salaketa sinesgarriak daude".