Mundua -

Norvegia

Utoyako sarraskiaren irudiak hartu zituela esan du Breivikek

Poliziaren arabera, Brevikek tiroketak iraun zituen 72 minutuak bideoan grabatu zituela deklaratu du. "Kameraren bila ari gara baina momentuz ez dugu ezer aurkitu", esan dute poliziek.

Anders Behring Breiviken artxiboko irudia. Argazkia: EFE
Anders Behring Breiviken artxiboko irudia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Utoya irlako sarraskia bideoan grabatu zuela dio Anders Behring Breivik, iragan uztailaren 22an Norvegian izandako bi atentatuen arduradunak. Hori da, hain zuzen, Johan Friediksen Osloko Poliziaren buruak Sky News telebista kateari jakinarazi diona. Utoyako irlan izandako tiroketan 69 pertsona hil ziren.

Iragarpen berri hori Norvegiako Poliziak Utoyara iristeko bide azkarragoa erabili eta sarraskia eten zezakeela onartu ostean egin dute.

Poliziako buruak adierazi duenez, agenteek erreskateetarako helikopteroa erabiltzeko aukera izan zuten, baina horrek, bere ustez, ez omen luke bermatuko Poliziaren frankotiratzaileek Breivik lehenago atxilotu izana.

Christian Hatlo Osloko Poliziaren abokatuaren azalpenen arabera, Breivikek galdeketetan ziurtatu egin du Utoyako tiroketaren 72 minutuak bideoan grabatu zituela.

"Bere manifestuko eta aurreko galdeketetako informazioei jarraituta, kamera bat zuela jakin dugu", adierazi du Hatlok. Abokatuak esan duenez, Breiviken etxebizitzan aurkitutako frogek bideo kamera bat zuela eta sarraskia grabatzen saiatu zela adierazten dute. "Kameraren bila ari gara, baina oraindik ez dugu ezer aurkitu", gaineratu du.

Bideoa irlan egon liteke

Hala ere, bideoa oraindik irlan egotea ez du baztertu Norvegiako Poliziak. Ondorioz, kameraren eta bestelako frogen bila jarraitzen dute.

Agenteek ehunka ordenagailu, kamera, eskuko telefono eta bestelako gailuak aurkitu dituzte bertan, eta guztien edukia aztertzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea