Mundua -
Poliziak mutil bat hil ostean
Eraikinak erreta eta poliziak zaurituta, Tottenhamen
26 polizia eta 3 herritar zauritu dira eta 48 pertsona atxilotuta daude. Autoak eta eraikinak kiskali dituzte. Gobernu britainiarrak "erabat onartezinak" direla eta ikerketa abiatu duela esan du.
Erredakzioa
26 polizia eta hiru herritar zauritu dituzte gaur goizaldean, Londreseko iparraldean, izandako istilu larrietan. Ehunka pertsona agente baten tiroengatik gazte bat hil zelako protesta egiten ari ziren.
Scotland Yarden esanetan, manifestarien eta poliziaren artean Tottenhamen izandako istiluetan polizia bat buruan zauritu du, ibilgailuak eta eraikinak erre eta saltokiak arpilatu dira. Momentuz, gutxienez 48 pertsona atxilotu dituzte.
300 pertsona inguru polizia-etxe baten aurrean elkartu ziren larunbatean Mark Duggan (29 urte) heriotzarengatik justizia eskatzeko. Ostegunean, taxi batean zihoala, agente baten tiroek zauritu egin zuten.
Istiluetan eraikinak eta ibilgailuak erre dituzte, besteak beste, poliziaren bi auto eta bi solairuko autobus bat; eta saltoki eta denda asko arpilatu dituzte, BBCren eta Press Association (PA) berri-agentzia britainiarraren arabera.
Londreseko Anbulantzia Zerbitzuaren bozeramaile baten esanetan, 11 pertsona artatu eta beste bederatzi ospitaleratu dituzte.
"Erabat onartezinak"
Britainia Handiko Gobernuarentzat "erabat onartzeinak" izan dira goizaldean Londreseko iparraldean jazotako istilu larriak; bertan 11 pertsona zaurituak izan dira eta eraikinak, autobus bat eta zenbait polizia-auto ksikali dituzte.
Ohar baten bidez Downing Streeteko (Britainiako lehen ministroaren egoitza eta bulego ofiziala) bozeramaile batek esan duenez, "ez dago Poliziak eta herritarrek jasandako erasoak, ezta eragindako kalte materialak ere justifikatzerik".
"Poliziak ikerketa bat abiatu du istilu horiek argitzeko eta utzi beharko genuke prozesu horrek bere bidea egin dezan", David Cameronen Gobernuaren bozeramailearen esanetan.