Mundua -
Dekretu baten bidez
Noriega Panamara estraditatzeko baimena eman du Frantziak
Noriega Parisen ari da kondena betetzen, dirua zuritzeagatik, eta estradizioa ezin izango da egin zigor horien inguruko epaia eman arte.
Erredakzioa
Frantziak asteazken honetan jakinarazi duenez, Manuel Antonio Noriega diktadore ohia Panamara estraditatzeko dekretua sinatu du, AEBen oniritzia jaso eta hilabete eta erdi geroago. Estatu horretan bost kondena ditu Noriegak betetzeko.
Hurrengo hilabeteetan estraditatuko dute jeneral ohia, 1983 eta 1989 urteen artean Panama zuzendu zuen gizona. Noriegak deuseztatzeko errekurtsoa aurkeztuko balu bakarrik atzeratuko lukete estradizioa, baina ez omen du horrelakorik egiteko asmorik.
Frantziako Atzerri Ministerioak zehaztu duenez, Noriegak hilabeteko epea dauka helegitea aurkezteko eta, errekurtsoa ez aurkeztea erabakitzen badu, Panamako agintariei jakinaraziko diete, “estradizioa ahal bezain azkar egiteko”.
Noriega Parisen dago, kondena betetzen, eta estradizioa ezingo da egin epaile batek horren inguruan epaia eman arte. Erabaki hori datorren hilabete hasierarako hartuko dutela aurreikusi dute.
Panamak Parisen duen enbaxadak ez du Noriegaren aurkako prozesuaren inguruko iritzirik eman. Joan den abuztuan estradizioa onartu zuen Noriegak berak. Han, 60 urteko baino gehiagoko kartzela zigorra dauka betetzeko, 5 deliturengatik. Hilketa eta ingurumenari kalte egitea egotzi dizkiote, besteak beste.
Panama America egunkariak Noriegak bere alaben bidez helarazitako gutun bat publikatu zuen, apirilaren 12ko data zuena. Idatzian esaten zuenez, Noriegak “inoiz ez dio uko egin” Panamako Justiziari laguntzeari, “AEBetatik hainbat aldiz esan zuen bezala”.
Halaber, Panamara bidal zezatela ere eskatu zuen testuan, eta Frantziaren esku utzi izana eta Parisen egindako epaiketa “AEBek antolatutako azpijokoren” ondorioak zirela ere idatzi zuen. Haren ustez, Nikaraguan sandinisten aurka ez egitearren kondenatzeko AEBek antolatu zuten “konspirazioaren” beste bi urrats dira Frantzian egindakoak.