Mundua -
Norvegiako atentatu bikoitza
Anders Behring Breiviken aurkako epaiketa 2012an hasiko da
Prozesua bideratzea konplexua izango da, izan ere, atentatu bikoitzaren egilea biktima bakoitzarengatik (76 hildako) auzipetuko dute.
Erredakzioa
Anders Behring Breiviken aurkako epaiketak 2012ra arte itxaron beharko du, Norvegiako justiziak gaur ohartarazi duenez. Tragedia kolektiboaren biktima bakoitzarengatik (76 hildako) prozesu bat egongo dela iragarri du justiziak.
Prozesua bideratzea konplexua izango dela azaldu du Tor-Aksel Busch fiskalburuak, atentatu bikoitzaren egilea biktima bakoitzarengatik auzipetuko dutelako.
Ordura arte Breivikek ez du komunikabideekin harremanik izango. Geir Lippestad haren abokatuak soilik egin ahal izango ditu adierazpenak.
Horrela, atxilotuak bere ideiak zabaltzeko aukerarik ez izatea nahi du Norvegiako justiziak, iragan astelehenean egin bezala. Epailearen aurrean egin zuen aurreneko agerraldia ateak itxita izatea erabaki zuten agintariek orduan. Breivikek, ostera, kazetarien aurrean azalpenak ematea eskatu zuen.
Osloko atentatu bikoitzaren egilea tirokatzeko eta hiltzeko agindua zuen Norvegiako Poliziak, gaur NTB albiste-agentziak jakinarazi duenez.
Konplexutasun handiagoa
Christian Hatlo Poliziako fiskalak asteartean aurreratu zuenez, Gizateriaren aurkako krimenak leporatzeko aukera dago, Norvegiako justiziak aurreikusitako zigorrik handiena 21 urtekoa baita, baina akusazio horrekin 30 urteko espetxe-zigorra ezarriko liokete.
Horrek auzia konplexuago bihur dezake, ikerketa sakon bat beharrezko egiten baitu, Fatlo fiskalaren hitzetan. Izan ere, oraindik galdera asko daude erantzuteke.
Beste 24 biktimen izenak argitaratu ditu Poliziak
Iragan ostiraleko eraso bikoitzan izandako beste 24 biktimaren izenak argitaratu ditu Norvegiako Poliziak. Horrela, 41 hildako identifikatu dituzte dagoeneko.
Auzitegiko medikuek eta senideek identifikatutako biktima gehienak 14-19 urte bitartekoak dira, Poliziak igorritako zerrendaren arabera, baina 61 urteko pertsonak ere badira.
Atxilotu bat Polonian eta beste bat Finlandian
Bestalde, Poloniako Poliziak 20 urteko gazte bat atxilotu du, bere garajean ongarri kimikoak eta detonagailuak gordetzeagatik. Breivikek egin bezala, lehergailuak egin zitzakeela zabaldu zuen Interneten.
Gainera, Finlandiako Poliziak 18 urteko gazte bat atxilotu du, lehergailuak egiteko zenbait osagai erosteagatik, agintariek gaur jakitera eman dutenez.