Mundua -

Eraso terroristak

Gutxienez 92 hildako Norvegian, aurrekaririk gabeko bi erasoren ostean

- Baliteke Osloko eraikinen azpian hilotz gehiago egotea.

-Anders Behring Breiviki deklarazioa hartzen ari da Polizia, atentatuak bakarrik prestatu ez zituelakoan.

Oslo erdigunean leherketa gertatu eta gutxira hartutako irudia. Argazkia: EITB
Oslo erdigunean leherketa gertatu eta gutxira hartutako irudia. Argazkia: EITB
90 hildako baino gehiago Norvegian, bi atentatuen ondorioz

03:04

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ostiral arratsaldean Oslon eta Utaya irlan izandako atentatu bikoitzean 92 hil dira zifra ofizialen arabera; horietako 80 gazteentzako udaleku sozialdemokrata batean izan den tiroketan hil dira. Bi gizonezko daude atxilotuta.

Sarraskirik handiena, beraz, Utoya irlan gertatu da -85 pertsona hil dira-, baina pare bat ordu lehenago Osloko Gobernuaren egoitza inguruari bonba-autoz eraso egin diote; erasoaren ondorioz zazpi lagun hil eta hamabost zauritu dira.

Herrialdea eta mundua astindu dituen sarraskia gertatu ostean, Norvegiako Harald erregea komunikabideen aurrean agertu da eta "izugarrizko tragedia" deitu dio gertatutakoari.

Halaber, Poliziak baieztatu duenez, baliteke Osloren eraikinen azpian berreskuratu gabeko gorpuak egotea. Iturri honen azaldu duenez, lehergailu gehiago egoteko arriskua dela eta, ez dira oraindik haiengana iritsi.

30 zauritu ''larri''

30 lagun larri daude Osloko erietxe ezberdinetan, bart Norvegia astindu duten bi atentatuen ostean, "Aftenposten" egunkariak azaldu duenez.

Pal Aksel Naess Osloko ospitaleko zuzendariak gaineratu duenez, larri dauden 30 lagunetan 20 "oso larri" eta beste 35 larrialdi gutxiago duen egoeran daude.

Lehenengo erasoa

Lehengo erasoa Norvegiako hiriburuan, Oslon izan da eguerdiko 13:20ak aldera. Gobernuaren egoitza inguruan bonba-auto indartsu batek eztanda egin du eta zazpi lagun hil eta hamabost zauritu dira.

Leherketak, gainera, kalte material handiak eragin ditu Gobernuaren lau eraikinetan eta baita inguruko etxe batzuetan ere, "VG" egunkariaren egoitza tarteko.

Atzo Oslon jai eguna zen eta beraz egoitza barruan ez zegoen lan egunetan adina mugimendurik.

Bigarren erasoa

Bonba-autoak eztanda egin eta bi ordura gutxi gorabehera, beste sarraski bat gertatu da hiriburutik hogei kilometro ingurura dagoen Utaya irlan.

Udaleko sozialdemokrata batzuetan parte hartzen ari ziren 13 eta 15 urte bitarteko 560 gazte eta larunbat honetan Jens Stoltenberg lehen ministro sozialdemokrataren bisita espero zuten.

Komunikabide lokalek azaldu dutenez, gizon bat udalekuen gunera sartu eta tiroka hasi zen. Batzuek uretara salto eginda ihes egiten saiatu ziren. Azkenean, gutxienez 84 lagun hil dira tiroketaren ondorioz.

Atxilotu bat

Bestalde, atentatuen ostean atxilotutako Anders Behring Breiviki deklarazioa hartzen ari da Polizia. Gertatutakoa ikusita, baliteke lagun batek baino gehiago erasoetan parte hartzea.

"Lagun bakar batek hau egin izanaz ez gaude ziur. Lekukoen testigantzen arabera, litekeena da tirokatzaile bat baino gehiago egotea", azaldu du segurtasun indarreko bozeramaile batek.

"VG" egunkariaren arabera, Breivikek Interneten hainbat mezu utzi zituen nazionalista dela esanez eta kultura anitzeko gizartearen aurka zegoela azpimarratuz. Datu horiek momentuz poliziak ez ditu baieztatu.

Bigarren atxilotua

Polizia norvegiarrak gizon bat atxilotu du gaur, larunbata, Jens Stoltenberg lehen ministroa dagoen hotelaren inguruan zegoenean. Lehen ministroa Utoyako uharteko tiroketaren biktimei bisita egiten ari da.

Atxilotuak esan du preso eraman dutela patrikan aizto bat zeramalako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea