Mundua -
Eraso terroristak
Bi atentatuk gutxienez 91 hildako utzi dituzte Norvegian
-30 lagun gainera "larri" daude Osloko hainbat erietxetan.
- Poliziak bigarren gizonezko bat atxilotu du, bere hitzetan, "patrikan aizto bat" zeramalako.
Erredakzioa
Ostiral arratsaldean Oslon eta Utaya irlan izandako atentatu bikoitzean 91 hil dira zifra ofizialen arabera; horietako 80 gazteentzako udaleku sozialdemokrata batean izan den tiroketan hil dira. Erasoaren ostean, 32 urteko norvegiar bat atxilotu du poliziak.
Sarraskirik handiena, beraz, Utaya irlan gertatu da, baina pare bat ordu lehenago Osloko Gobernuaren egoitza inguruari bonba-autoz eraso egin diote; erasoaren ondorioz zazpi lagun hil eta hamabost zauritu dira.
Herrialdea eta mundua astindu dituen sarraskia gertatu ostean, Norvegiako Harald erregea komunikabideen aurrean agertu da eta "izugarrizko tragedia" deitu dio gertatutakoari.
30 zauritu ''larri''
30 lagun larri daude Osloko erietxe ezberdinetan, bart Norvegia astindu duten bi atentatuen ostean, "Aftenposten" egunkariak azaldu duenez.
Pal Aksel Naess Osloko ospitaleko zuzendariak gaineratu duenez, larri dauden 30 lagunetan 20 "oso larri" eta beste 35 larrialdi gutxiago duen egoeran daude.
Lehenengo erasoa
Lehengo erasoa Norvegiako hiriburuan, Oslon izan da eguerdiko 13:20ak aldera. Gobernuaren egoitza inguruan bonba-auto indartsu batek eztanda egin du eta zazpi lagun hil eta hamabost zauritu dira.
Leherketak, gainera, kalte material handiak eragin ditu Gobernuaren lau eraikinetan eta baita inguruko etxe batzuetan ere, "VG" egunkariaren egoitza tarteko.
Atzo Oslon jai eguna zen eta beraz egoitza barruan ez zegoen lan egunetan adina mugimendurik.
Bigarren erasoa
Bonba-autoak eztanda egin eta bi ordura gutxi gorabehera, beste sarraski bat gertatu da hiriburutik hogei kilometro ingurura dagoen Utaya irlan.
Udaleko sozialdemokrata batzuetan parte hartzen ari ziren 13 eta 15 urte bitarteko 560 gazte eta larunbat honetan Jens Stoltenberg lehen ministro sozialdemokrataren bisita espero zuten.
Komunikabide lokalek azaldu dutenez, gizon bat udalekuen gunera sartu eta tiroka hasi zen. Batzuek uretara salto eginda ihes egiten saiatu ziren. Azkenean, gutxienez 84 lagun hil dira tiroketaren ondorioz.
Atxilotu bat
Hainbat komunikabidek esan dutenez 32 urteko atxilotua eskuin muturreko giroan ibili ohi da. "VG" egunkariaren arabera, gainera, internetan hainbat mezu utzi ditu nazionalista dela esanez eta kultura anitzeko gizartearen aurka dagoela azpimarratuz.
Datu horiek momentuz poliziak ez ditu baieztatu.
Bigarren atxilotua
Polizia norvegiarrak gizon bat atxilotu du gaur, larunbata, Jens Stoltenberg lehen ministroa dagoen hotelaren inguruan zegoenean. Lehen ministroa Utoyako uharteko tiroketaren biktimei bisita egiten ari da.
Atxilotuak esan du preso eraman dutela patrikan aizto bat zeramalako.