Mundua -
Eraso terrorista
Atentatu batek gutxienez zazpi hildako utzi ditu Oslon
-Norvegiako lehen ministroaren bulegoak kaltetu ditu eztandak.
-Erasotzaileek bi lehergailu jarri dituzte.
-Talde jihadista batek erasoa aldarrikatu du.
Erredakzioa
Leherketa handi bat jazo da gaur Oslon (Norvegia), Gobernuaren barrutian. Gutxienez zazpi hildako eta 15 zauritu, horietako bi larri, utzi ditu eztandak, Norvegiako komunikabideek jakitera eman dutenez.
Jens Stoltenberg Norvegiako lehen ministroaren bulegoak kaltetu ditu eztandak, Norvegiako irrati publikoak azaldu duenez.
Gobernuko kide guztiak "onik atera" direla baieztatu du Norvegiako lehen ministroak. Egoera "larria" dela adierazi du Stoltenbergek. Poliziaren aholkuei jarraituz, Stoltenbergek ez du non dagoen jakinarazi.
Norvegiako Poliziak baieztatu duenez, leherketa eraso terroista izan da. Antza denez, erasotzaileek bi lehergailu jarri dituzte, bat auto batean eta bestea bulego batzuetan. Aftonbladet egunkariaren hitzetan, atentatuaren helburua Energia eta Petrolio Ministerioa zen.
Poliziak sokaz hesi du zona eta Gobernuko egoitza hustu du.
Norvegiako lehen ministroaren eraikuntza
Iturri berdinen arabera, lehen ministroaren bulegoan kalte handiak eragin ditu leherketak. Era berean, eztandak beste eraikin batzuk kaltetu ditu. Gehienbat leihoetako kristalak birrindu ditu.
VG Norvegiako egunkari ezagunaren egoitzak ere kalteak izan ditu. Aftenposten egunkariak jakitera eman duenez, Osloko kaleetan izua zabaldu eta odoldutako pertsonak korrika ikusi dituzte.
Talde jihadista batek erasoa aldarrikatu du
Ansar Al Jihad Al Alami talde jihadistak Osloko erasoa aldarrikatu du komunikatu batean, The New York Times egunkariak jakitera eman duenez.
"Ansar al-Jihad al-Alami jihadistek erasoaren erantzukizuna euren gain hartu dute, AEBetako CNAko terrorismo aditu baten esanetan", erantsi du egunkariak. "Agiriaren arabera, Norvegiak Afganistanen duen jokabidearen aurkako erantzuna izan da atentatua", gaineratu du.
''Jihadaren Laguntzaileak'' izeneko talde batek Interneten mezu bat zabaldu du eta Osloko atentatua Mahomaren karikaturei emandako erantzuna dela azaldu du. Erasoa "hasiera baino ez" dela esan du talde jihadistak, NRK telebistak jakinarazi duenez. Norvegiako egunakariek Mahomaren karikaturak argitaratu zituzten eta polemika piztu zuten.
Beste eraso bat
Bestalde, gutxienez hamar lagun hil dira gazteria sozialdemokraten udaleku batean izandako tiroketan, Utoyan (Oslotik gertu). Norvegiako hiriburuaren erdialdean leherketa bat izan eta ordu batzuk geroago jazo da gertakaria.