Mundua -

Entzuketen eskandalua

Murdoch: 'Ez nekien ezer eta ez da nire ardura'

Bere langileei egotzi die entzuketen ardura Rupert Murdochek. Agerraldia bertan behera gelditu da 15 minutuz, ikusle batek Murdochi eraso egiten saiatu ostean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Rupert Murdochen eta bere semearen agerraldia bertan behera gelditu da 15 minutuz Erresuma Batuko Parlamentuan, ikusle batek Murdochi eraso egiten saiatu ostean.

BBC telebista katean ikusi ahal izan denez, gizon bat Murdochen aurka egiten saiatu da eta Poliziak atxilotu egin du; antza denez, bizarra mozteko aparra bota nahi zion gainean.

Wendi, Murdochen emaztea erdian sartu da eta eskukada bat eman dio erasotzaileari erasoa saihesteko. James Murdoch ere izutu egin da.

Ordu laurden bat beranduago agerraldia hasi dute berriro, eta Murdochek entzuketen inguruko azalpenak ematen bukatu dute.

Rupert Murdochek eta James Murdoch semeak barkamena eskatu dute Erresuma Batuko Parlamentuan, News of the world egunkariak egindako legez kanpoko telefono entzuketengatik.

"Gizonik apalena sentitzen naiz gaur", esan du 80 urteko enpresaburu dirudunak Komunen Ganberako Hedabideen Batzordearen aurrean. Batzorde hori Erresuma Batua astindu duen entzuketa ilegalen eskandalua ikertzen ari da.

Murdochek ziurtatu duenez, ez zekien informazioa lortzeko News of the World-etik Poliziari ordaindu egiten zitzaionik, eta News Internationalek jakin zuenean, Britainia Handiko filiala, ez zuela ikertu onartu du.

"Ez nekien", esan du; ondoren, bere enpresaren neurriari buruzko datuak zergatik ez zekizkien arrazoitu du: "Hau ez da aitzakia, baina News of the World-ek nire enpresa osoaren % 1 ordezkatzen du, eta etikaz jokatzen duten 50.000 langile ditugu mundu osoan".

Gauzak horrela, "gertatutakoaren azken erantzulea" ez dela esan du. “Egunkaria zuzentzeko nire konfiantza jaso zuten pertsonengan eta horien konfiantza izan zutenengan utzi dut ardura”, esan du Murdochek.

Honez gain, desagertutako nerabe baten kasuak hunkitu egin duela aitortu du. Kazetariek hainbat mezu ezabatu zituzten nerabearen mugikorreko ahots postontzitik, gurasoei neskatoa bizirik zegoen esperantza faltsuak emanez. Horrelakoek irakurleen ''konfiantzan'' izatea zailago egiten duela esan du Murdochek.

Londreseko poliziaburuak ez zuen "Cameron nahastu nahi"

Paul Stephenson Londreseko poliziaburuak esan duenez, dimisioa aurkeztu zuenean ez zuen David Cameron lehen ministroa arriskuan jarri nahi izan.

Stephensonek bere karguari uko egin zion, igandean, baina ordezko bat hautatu arte postu horretan jarraituko du. Kargua utzita ez du "lehen ministroa kolpatu nahi" izan, bere hitzetan. Poliziak Neil Wallis kazetaria, 2003 eta 2007 urteen artean News of the World-eko zuzendariordea izandakoa, aholkulari gisa erabili zuela jakin zenean utzi zuen kargua Stephensonek

Gainera, prentsak jakinarazi zuenez, Wallis harreman publikoen laguntzaile lanetarako kontratatuta zuen bainuetxe batean egon zen Stephenson, hainbat astez, osasun-arazo bat sendatzeko.

Andy Coulson zuzendari zegoen garaian izan zen Wallis News of the World egunkariko zuzendariordea. Hain zuzen ere, Coulson Cameroren prentsaburua izan zen, eta urtarrilean Gobernua utzi zuen, eskandalu honegatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea