Mundua -
Soslaia
Rebekah Brooks, egunkari britainiarren erregina
Komunikazio alorreko emakume garrantzitsuenetako bat izan da orain arte, izan ere, 32 urte besterik ez zituenean News of the World astekariaren zuzendari izendatu zuten.
Erredakzioa
Rebekah Brooks, duela gutxi arte egunkari britainiarren erregina zena, komunikazio alorreko emakume garrantzitsuenetako bat zen, anbizioa, xarma berezia eta boteretsuekin lankidetzan aritzeko gaitasuna duelako.
43 urteko kaskagorriak dimisioa eman zuen joan den ostiralean News Internationaleko kontseilari ordezkari gisa legez kanpoko entzuketen eskandaluagatik.
Azken urteotan harreman estua izan du Rupert Murdoch enpresariarekin, haren ondoak aritu baita lanean ia bizitza osoan.
Brooksen ibilbidea izugarria izan da. 1989an News of the World astekari sentsazionalistan hasi zen lanean idazkari gisa, eta 2000. urtean, 32 urterekin, zuzendari izendatu zuten. Horrela, herrialde mailako egunkari bat zuzentzen zuen emakume gazteena izan zen.
News of the World zuzendu zuen hiru urteetan legez kanpoko entzuketa asko egin zituzten politikarien, pertsona ezagunen, kirolarien eta beste hainbat herritarren inguruko informazioa eskuratzeko.
Milly Dowler haurraren telefonoa kontrolatu zuen eta kasu horrek piztu du eskandalua. Krimen baten biktima izan zen neskatoa eta telefonoa kontrolatu ziotela jakin denean, astekariaren izen txarra asko zabaldu zen eta Brooksek dimititu egin behar izan du.
Astekariaren zuzendari izendatu eta berehala, Sarah Payne zortzi urteko neskatoa hil zuen pederasta batek eta gertakariak aztoratu egin zituen britainiarrak.
News of the World-en zuzendariak pederastak identifikatzeko kanpaina bat abiarazi zuen eta herritarrei pederasten kasuak jakinarazteko deia egin zien. Poliziak oso gaizki hartu zuen ekimena, arduragabekeria handia zelakoan.
Esklusibak lortzeko gogoak metodo polemikoak erabiltzera eraman zuen Rebekah Brooks. Piers Morgan kazetari eta Brooksen lankideak The Insider memoria liburuan zabaldu duenez, mikrofonoz betearazi zuen James Hewitten hoteleko logela Lady Direkin harremanak zituela egiaztatzeko.
Liburuan Morganek azaldu duenez, Brooks The Sunday Times egunkariaren (Murdochen taldeko agerkaria) garbitzailez mozorrotu zen Charles printzipeari buruzko esklusiba bat lortzeko, eta helburua bete zuen.
Hiru urtez News of the World-en egon ondoren, Brooks The Sun-eko zuzendari izandatu zuten, Murdochen taldekoa hori ere, Britainia Handian gehien irakurtzen den egunkaria. Postu horretan egon zen 2009a arte, News Internationaleko kontseilari ordezkari izendatu zuten arte.
Kazetari kaskagorriak 3.000 langilek osatzen duten komunikazio enpresa bat zuzendu du azken bi urteotan.
Brooks beti egon da boteretsuen ondoan: oso harreman ona izan zuen Tony Blair lehen ministro laborista ohiarekin eta are hobea du orain David Cameron lehen ministro kontserbadorearekin.
Prentsa britainiarrean zabaldu denez, Brooksek Gabonak bere etxean pasatzeko gonbitea egin zion Cameroni eta elkarrekin ibiltzen ziren zaldi gainean Oxfordshiren.
2009an, kazetaria bigarren aldiz ezkondu zen, Charlie Brooks idazle eta zaldi entrenatzailearekin ezkondu zen eta gonbidapena jaso zuten bai Gordon Brown lehen ministro laborista ohiak bai David Cameronek.
The Guardian egunkariaren arabera, Brooksek konbentzitu zuen Murdoch publikoki Cameron babes zezan 2010eko hauteskundeetan, urtetan Alderdi Laboristari babesa eman ondoren.