Mundua -
Entzuketen eskandalua
Rebekah Brooks aske utzi dute bermea ordainduta
News Internationaleko kontseilari ordezkari ohiak dimisioa eman zuen ostiralean News of the World-en legez kanpoko entzuketen garaian egunkariko zuzendari zelako.
Erredakzioa
Rebekah Brooks Robert Murdochen News Internationaleko Britiania Handiko kontseilari ordezkari ohia aske geratu da gaur goizaldean bermea ordainduta, Scotland Yarden 12 orduko galdeketa erantzun ondoren.
Brooksek berriro deklaratu beharko du urria amaieran, Scotland Yardek agiri batean jakitera eman duenez. Bart, 2002 eta 2003 artean egindako legez kanpoko telefono entzuketengatik galdekatu dute, garai hartan News of the World-en zuzendaria baitzen.
Brooksek dimisioa eman zuen iragan ostiralean News Internationalen zuen karguan. The Sun eta The Times egunkariak eta BSkyB telebista katearen % 39 zeuden bere esku ordura arte.
43 urteko kazetariak komisariara joateko deia jaso zuen egunean bertan erabaki zuen dimisioa ematea eta "sorpresa" hartu zuen bertaratu eta atxilotu zutenean, ikerketan laguntzeko asmoz joan baitzen, bere bozeramaileak azaldu duenez.
Sakelako telefonoen legez kanpoko entzuketen eskandalua duela bi aste piztu zen, News of the World egunkariak pertsonaia famatuen, kazetarien eta bestelako herritarren telefonoak kontrolatu zituelako.
Kontrolatutako sakelako telefonoetako bat 2002an hildako haur batena zela jakin zenean piztu zen eskandalua, iragan uztailaren 4an. Horren ondorioz, egunkariaren izen txarra zabaldu zen eta ixtera behartu zuten. Era berean, Murdochek uko egin behar izan dio BSkyB telebista katea erosteari.
Brooksez gain, Les Hilton Dow Jones agentziaren presidente eta The Wall Street Journal egunkariaren editoreak dimisioa eman zuen ostiralean.
Asteartean Rupert Murdochek eta bere semeak, enpresaren Europako buruak,Parlamentuko batzorde batean hitz egingo dute gertatutakoaren nondiknorakoak azaltzeko.
Hasiera batean, Rebekah Brooks ere bertanegongo zela espero zen, baina azken egunetako gertakariek kolokan jarridute haren agerraldia.