Mundua -
Minbizia dauka
Hugo Chavez Kubara joan da kimioterapia tratamendua jasotzera
Venezuelako presidenteak iragarri du La Habanara joango dela berriro iragan ekainean atzeman zioten minbiziaren kontratako tratamendua jasotzera.
Erredakzioa
Hugo Chavez Venezuelako presidenteak iragarri du larunbat honetan La Habanara joango dela minbiziaren aurkako tratamenduarekin jarraitu eta kimioterapia jasotzera.
Ollanta Humala Peruko presidentearekin izandako bileraren ostean, Chavezek komunikabideen presentzia aprobetxatu du Botere Legegileari eskutitz bat bidali diola iragartzeko. Eskutitz horren bitartez, Konstituzioak jasotzen duen moduan, herrialdetik ateratzeko baimena eskatu du egungo presidenteak.
Orain beraz, Asanblada Nazionalak baimena eman ondoren, Kubara joango da Chavez, "errekuperaziorako prozesu mantso eta konplexu honen bigarren fasearekin jarraitzeko; edo hobekiago esanda, hasteko", azaldu du.
"Bigarren etapa hau datozen egunetan hasiko da kimioterapiarekin; dagoeneko zientifikoki planifikatuta dago xehetasun guztiekin eta ziur nago fase honek errekuperazioarekin bidetik jarraiaraziko didala", gaineratu du Venezuelako presidenteak, lan horretan ari diren sendagile kubatarrei eta venezuelarrei eskerrak eman ostean.
Operazioa
Venezuelako presidenteari iragan ekainaren 20an ebakuntza egin zioten La Habanan tumore bat kentzeko. Ordutik mediku plan "zorrotz" bat jarraitzen ari da gaixotasunari aurre egiteko.