Mundua -
Entzuketen polemikaren harira
Gobernu britainiarrak Murdochi BskyBren erosketa pentsatzeko esan dio
Nick Clegg ministro britainiarrak Rupert Murdoch enpresariari telebista katearen erosketan "zintzo eta zentzuz" jokatzeko eskatu dio legez kanpoko entzuketen harira sortutako eskandalua dela eta.
Erredakzioa
Legez kanpoko entzuketen auzia publiko egin eta "News Of the World" egunkaria betiko itxi ostean, Nick Clegg Britania Handiako Lehen ministro ordeak Rupert Murdock komunikabideen arloko enpresari boteretsuari BskyB telebista kate ordaindua erosteko eskuartean duen eskaintza berriro pentsatzeko eskatu dio.
Zehazki, erabakiarekin zerbait "zentzuzkoa eta zintzoa" egiteko eskatu dio. "Rupert Murdoch orain Londresen dago gauzak argitu nahian. Berari esaten diot ikus dezala herrialdeak zenbaterainoko gorrotoarekin erreakzionatu duen egindako adierazpenen gainean", esan du Lehen ministro ordeak.
Clegg prentsaurrean agertu da Milly Dowler erahildako neskatoaren familiarekin elkartu ostean; Dowler 2002an desagertu ondoren bere telefono mugikorrean esku hartu zuen egunkariak.
Eskandaluaren jatorria
Izan ere, legez kanpoko eskandaluaren jatorria jakiteko 2006ra joan behar da. Orduan publiko egin zen hainbat kazetarik jende famatuaren telefonoak "pintxatzen" zituztela esklusibak lortzeko asmoz; zehazki mugikorretan uzten zituzten mezuak entzuten omen zituzten.
Burtsa, behera
BskyB telebista katearen akzioek % 6 egin dute behera entzuketen kasuaren ostean. Kontuan izan behar da Rupert Murdoch enpresari boteretsuak komunikabidearen % 100 erosteko asmoa duela.