Mundua -
Igandean itxiko dute
'News of the world'ek ezusteko albistea iragarri du azken ediziorako
Egunkaria itxi egingo dute pertsonai ospetsuei legez kanpo egindako entzuteen iskanbilarekin amaitzeko ahaleginean. Kazetariek urteetan egindako entzute horien helburua esklusibak lortzea zen.
Erredakzioa
News of the world egunkari sentsazionalistaren azken edizioari azken ukituak ematen ari dira. Egunkari britainiarra igande honetan publikatuko dute azken aldiz 5 milioi aleetako tirada bikoitzarekin.
Colin Myler igandekariaren zuzendariaren hitzetan, larunbata "oso egun tristea" izan da eta langabezian geratuko diren 280 langile "adimentsuak" gogoan ditu uneoro.
James Murdoch News Internationaleko presidenteak (eta Rupert Murdoch handikiaren semeak) ostegunean iragarri zuen News of the world egunkariaren itxiera. Igandekaria News International taldeko egunkaririk famatuenen artean dago eta ixteko erabakia legez kanpoko entzuteen inguruan sortutako iskanbilarekin amaitzeko ahalegina da. Ustez, entzute horiek urteetan egin dituzte esklusibak lortzeko helburuarekin.
Igandeko edizioak ez du iragarkirik izango eta salmentetan aterateko dirua ongitzazko erakundeei emango diete. News of the world 1843an sortu zuten.
"Ezusteko albistea"
"Ezusteko albiste batekin alde egingo dugu", iragarri du Twitterren Jaime Lyons politika zuzendariordeak. Azken edizioa, gainera, oso preziatua izango da bildumazaleen artean.
Igandean bertan Rupert Murdoch 80 urteko handikia eta News Corporationeko jabearen iritsiera espero dute Londresen. News Corporation News International britainiarraren jatorria da. Murdochen zeregin nagusia entzuteen krisiak bere inperioaren izena suntsitzea saihestea da.