Mundua -
Entzuketa ilegalak
'News of the World'ek argitaratzeari utziko dio entzuketen ondorioz
Eskandalu horretan kultura eta erregetza pertsona ospetsuak, hil izan dituzten biktimen eta Afganistanen hildako militarren senideak tartean izan dira.
Erredakzioa
News of the World egunkari sentsazionalistak argitaratzeari utziko dio, eta igande honetan azken argitalpena kaleratuko du, News Internacional taldeak jakinarazi duenez. Entzuketa ilegalek eragindako eskandaluaren ondorioz hartu dute erabakia.
Eskandaluak 2006an eztanda egin zuen eta aste honetan zabaldu egin da; eskandalu horretan kultura eta erregetza pertsona ospetsuak, hil izan dituzten biktimen eta Afganistanen hildako militarren senideak tartean izan dira.
Langileei igorritako komunikatu batean, 168 urteko historia duen aldizkaria "jokaera oker batek zikindu" duela adierazi du Murdochek. "Benetako salaketak badira, ankerrak izango lirateke eta gure enpresan ez dute lekurik", erantsi du.
Presidenteak gogorarazi duenez, Poliziaren ikerketak kartzelan amaitu zuten bi gizonengan kontzentratu ziren, "baina kontzientziarik gabeko praktika okerrak errepikatu dira, nahiz eta asmo legitimorik ez izan".
Ikerketa
News of the World aldizkariak legez kanpoko zelatariak erabili ditu 4.000 lagun baino gehiago zelatatzeko, eskandalua ikertzen ari den polizia baten arabera. Aldizkariak 2,8 milioi ale saltzen ditu, Britainia Handiko salduena.
Aldizkariak entregatutako agirietan ia 4.000 biktimen izenak aurkitu ditu Poliziak, baina ehunka pertsona poliziekin harremanetan jarri dira, euren telefonoak ere zelatatu dituztela uste dutelako.