Mundua -
Hagan
Mladic Auzitegian agertu da, baina aretotik bota egin dute
Armada serbobosniarreko komandante ohiak alegatuak aurkezteari uko egin dio, eta epaileak “erruduntasunik eza” aldarrikatu du, haren izenean.
Erredakzioa
Ratko Mladic Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegian aurrean agertu da gaur. Komandante serbobosniar ohiak uko egin dio bere burua errugabetzat edo erruduntzat deklaratzeari, leporatzen zaizkion genozidio karguei dagokionez. Beraz, Auzitegiko epaileak, Alphone Oriek, aurkeztu ditu "errugabetasun" alegatuak haren izenean.
Ondorioz, epaileak aginduta, Mladic aretotik bota dute. Komandante ohiak saioa atzeratzeko eskatu zuen, denbora gehiago behar zuela eta berak aukeratutako abokatuek ordezkatu behar zutela uste zuelako, baina epaileak Ratko Mladicen eskaera errefusatu du.
Mladic Armada serbobosniarreko komandantea izan zen 1992 eta 1995 urteen arteko gerran. 1995ean Jugoslavia ohirako Nazioarteko Zigor Auzitegiak gerrako krimenak, Gizateriaren aurkako krimenak eta genozidioa egotzi zizkion Srebrenicako sarraskian (1995eko uztaila) eta Sarajevoko setioan parte hartu zuelakoan. Kargu horiek "higuingarritzat" hartu ditu maiatzaren 16an atxilotu zuten komandante ohiak.
Hain zuzen ere, 1995eko uztailean Srebrenica hiria hartu ondoren egindako genozidioan zuzenean parte hartu izana egotzi diote Mladici: Bosniako hiri horretan 8.000 gizonezkoren hilketan laguntzea, eta Sarajevoko setioan zibilen aurkako ikara-ekintzak egitea.