Mundua -

CNBCren arabera

Etxean giltzapeturik egoteko neurria kendu dio Strauss-Kahni epaileak

Baina Michael Obus epaileak ez dio NDFko zuzendari ohiari "pasaportea itzuli", ezta ordaindu behar izan zuen milioi bat dolarreko fidantza ere.

Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari ohia. Argazkia: EFE
Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari ohia
Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari ohia. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominique Strauss-Kahn NDFko zuzendari ohiak ez du etxean giltzapeturik jarraituko, baina sexu-erasoagatik eta bortxaketa saiakeragatik auzipetuta jarraituko du, Michael Obus epaileak gaur erabaki duenez, CNBC telebistak jakitera eman duenez.

Komunikabide berdinak jakitera eman duenez, epaileak ez dio Strauss-Kahni "pasaportea itzuli", ezta ordaindu behar izan zuen milioi bat dolarreko fidantza ere.

"Epaileak zuzen erabaki du", adierazi du Benjamin Brafman DSKren abokatuak. "Aurretik esan bezala, auzi hau ez da ematen zuena", azpimarratu du Brafmanek.

62 urteko Frantziako ekonomilariak agerraldia egin du gaur auzitegi federalaren aurrean. Emakumearen sinesgarritasuna zalantzan jartzen duten zantzuak aurkitu dituzte defentsak eta Manhattango fiskaltzak. 32 urteko etorkin ginearrak maiatzaren 14an salatu zuen sexu-eraso eta bortxaketagatik.

Auzia ez da amaitu

"Auzi hau ez da oraindik bukatu, nahiz eta zuk hori entzun. Uztailaren 18an auzitegian aurkeztu beharko zara, eta horrela egitea espero dut", esan dio DSKri Obus epaileak. Strauss-Kahn irribarretsu atera da epaitegitik.

"Herrialdean edonora bidaiatzeko aske da" DSK, adierazi du Brafmanek. Gaurko erabakia "nire bezeroa erabat aske geratzeko aurreneko pausoa" dela ziurtatu du abokatuak.

Kenneth Thompson akusazioaren abokatuak, ostera, "Dominique Strauss-Kahnek biktimari eraso egin ziola frogatzen duten proba medikoak" daudela azaldu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea