Mundua -

The New York Times-en arabera

Strauss-Kahnen aurkako salaketa indarra galtzen ari da

Auzitegiko medikuek harreman sexualak izan zirenaren arrastoak topatu zituzten, baina fiskalek zalantzan jarri dute emakumearen testigantza, hainbat kontraesanetan erori delako.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dominique Strauss-Kahn FMIko zuzendari ohiaren aurkako auzia indarra galtzen hasi da. The New York Times egunkariak gaur argitaratu duenez, Strauss-Kahn bortxaketa-saiakeragatik salatu zuen emakumearen testigantzan "hutsune handiak" antzeman dituzte.

Egunkariak kasua ezagutzen duten bi iturri anonimo aipatzen ditu eta horien arabera, Auzitegiko medikuek harreman sexualak izan zirenaren zantzu garbiak topatu zituzten, baina fiskalek ez dute emakumearen bertsioa sinesten, joan den maiatzaren 14an salaketa jarri zuenetik hainbat kontraesanetan erori omen delako. Ikertzaileek irregulartasunak aurkitu dituzte emakumearen (32 urte ditu, jatorriz ginearra da eta Strauss-Kahnek ostatu hartu zuen hotelean egiten zuen lan) asilorako eskaeran. Gainera, jarduera kriminalekin lotura izan lezakeela uste dute, hala nola, dirua zuritzearekin eta droga-trafikoarekin. The New York Times-en iturrien esanetan, Strauss-Kahnekin egon zen egun berean kartzelan dagoen gizon batekin hitz egin zuen telefonoz eta FMIko zuzendari ohiaren aurka salaketa jarriz gero lortu ahal litezkeen onuren inguruan aritu ziren. Elkarrizketa hori grabatuta omen dago. Fiskalak ostegunean bildu ziren Strauss-Kahnen abokatuekin eta ikerketan egon diren nobedadeen inguruko xehetasunak eman zizkieten. Hasiera batean, uztailaren 18rako deituta zegoen, baina azkenean bihar bertan deklaratuko du New Yorkeko Auzitegi Goreneko epailearen aurrean Strauss-Kahnek. Strauss-Kahn etxean giltzapetuta dago, baina epaileak zigor hori arintzea erabakiko duela espero da. Era berean, ikerketak hartu duen norabidea ikusita, fiskalek kargu batzuk erretiratzea ebatzi dezake.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea