Mundua -
Batzorde Nazionala
Libiako Gobernu matxinoa aintzatetsi du Alemaniak
Guido Westerwelle Alemaniako Atzerri ministroa Bengasira heldu da ustekabeko bisitan. Matxinoei ia 10 milioi dolarreko diru-laguntza emango die Alemaniak.
Erredakzioa
Guido Westervelle Alemaniako Atzerri mnistroak gaur Bengasin iragarri duenez, Alemaniak Libiako Batzorde Nazionala (CNT) -matxinoen zuzendaritza- libiarren ordezkari "legitimo bakar" gisa aintzatetsi du Alemaniak, Al Yazira telebistak jakitera eman duenez.
Matxinoen gotorlekura heldu da gaur Westerwelle ustekabeko bisitan, Dirk Niebel Lankidetza eta Garapen ministroarekin batera.
Alemaniako diplomaziaren buruzagia, besteak beste, Mustafa Abdelyalil CNTko presidentearekin bildu da. Muamar el Gadafi koronelaren ondorengo erregimenarekin izan beharreko lankidetza eztabaidatu dute bi buruzagiek.
10 milioi dolarreko diru-laguntza
Al Yaziraren esanetan, matxinoak ia 10 milioi dolarrekin laguntzeko konpromisoa hartu du Westerwellek.
Libiako erregimenaren finantza-baliabideak matxinoen eskura jartzeko nazioarteko kudeaketan aktiboki parte hartzeko eskatu dio Alemaniako Gobernuari matxinoen agintariak.
Alemania, Errusia eta Txina NBEko Segurtasun Kontseiluaren bozketan abstenitu egin ziren, 1073 ebazpena aldarrikatu zenean. Ebazpen horren bidez debekupeko aire-eremua ezarri zuen NBEk zibilak babesteko.