Mundua -
Siriako errepresioa dela eta
Siriako 5.000 errefuxiatu Turkian sartu dira
Gehienak emakumeak, haurrak eta adineko jendea dira. Europar Batasunak gainera, Siriako indarkeria gelditzeko eta preso politikoak aske uzteko eskatu du.
Erredakzioa
4.000 siriar baino gehiagok Turkiako muga zeharkatu dute Siriako armada Yisr al Shugur herrian egiten ari den errepresio gogorretik ihesi. Errefuxiatu gehienak emakumeak, haurrak eta adineko jendea dira.
Ahmet Davitoglu Turkiako Atzerri ministroak gaur eman du errefuxiatuen gaineko azken zifra. Orotara 3.893 siriar sartu dira beren herrialdean eta horietatik "%90 haurrak, emakumeak eta edadeko jendea" direla azaldu du.
Europaren eskaera
Catherine Ashton Europako Diplomazia buruak Siriako agintariei beste behin ere manifestarien aurkako indarkeria amaitzeko eta preso politiko guztiak aske uzteko eskatu die. Era berean, hilketen eragileei erantzukizunak eskatu dizkiote.
Komunikatu baten bitartez gaineratu duenez, "horixe da Siriako herria eskatzen ari den aldaketa baketsua lortzeko modu bakarra".
Europako Batzordearen presidenteordeak azpimarratu du indarkeriaren eta hilketen arduradunek beren ekintzen gainean erantzukizunak izan behar dituztela Nazio Batuen Giza Eskubideen Batzordeak apirilaren 29an eskatu zuen moduan.
Ashtonek azkenik gaineratu du Europar Batasuna nazioarteko bazkideekin lanean ari direla Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Batzordeak Siriako errepresioa gaitzetsi dezan, baita agintariek herritarren eskaerei erantzun diezaien ere.