Mundua -

Iraultza demokratikoa

23 lagun hil dira protesten errepresio bortitzean, Sirian

Bestalde, Siriako Armadak erasoa hasi du Yisr al Shugur hirian. Azken egunetan ehunka pertsona hil dira hiri horretan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 23 lagun hil dira gaur Siriako probintzia ezberdinetan, manifestaldien errepresio bortitzean, gobernuz kanpoko erakunde baten arabera. Bachar al Asad presidentearen erregimenaren aurka protesta egin dute milaka lagunek beste ostiral batean.

Idlebeko probintzian hamar pertsona hil dira, beste bederatzi Latakiako eskualdean, bi Damascoko Al Qabuneko auzoan eta bi Basra al Hhariren, hegoaldean, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak bere webgunean jakinarazi duenez.

Siriako Armadak erasoa hasi du Yisr al Shugur hirian, lurraldeko iparmendebaldean, hala jakinarazi du bertako telebista kateak. Azken egunetan ehunka pertsona hil dira hirian.

"Armadak gaur goizean hasi du erasoa Yisr al Shugurren, talde armatuen oldakeria pairatzen duten hiriian", adierazi du Estatuko telebista kateak. Gobernuaren kontrolpean dauden komunikabideen arabera, erregimenaren kontrako iraultza talde terroristek bultzatutakoa da.

Oposizioak, bestalde, Armadak Ariyahko herritarren kontrako erasoa hasi duela salatu du eta Sermaniya inguruan ere, Yisr al Shugurretik 8 bat kilometrora dagoen herrian, sekulako tiro hotsa entzuten dela adierazi du.

Oposizioko Flash indarrak Facebook sare sozialaren bitartez jakitera eman duenez, Ariyah herrian tankeekin sartu da Armada eta tiroak entzuten dira.&' || 'nbsp;

Siriako erregimenak egunak daramatza gaurko erasoa prestatzen. Agintariek orain egun batzuk "talde armatuen" esku 120 bat hildako izan zirela adierazi zuten. Ordutik, ustezko talde terroristen presentziaren inguruko informazio desberdin asko zabaldu ditu lurraldeko komunikabideen erabateko kontrola duen Gobernuak, eta iraultza demokratikoa eskatzen duten protesta eta manifestazioen atzean nazioarteko konspirazioa dagoela azpimarratzen du.

Milaka pertsonak alde egin dute Siriatik

Armadak Yisr al Shagurren hasi duen eraso militarra dela eta milaka herritarrek alde egin dute Siriatik. NBEk jakitera eman dutenez 2.700 bat errefuxiatu Turkian daude dagoeneko.

Gurutze Gorriko Nazioarteko Batzordeak, berriz, Sirian sartzeko baimena eskatu du. Biktimak hartatu eta atxilotuek pairatzen duten egoera eta baldintzen berri jasotzeko besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea