Mundua -
Analisia
Gadafiri presio egiteko bideak aztertzen
Libiako Gatazkarako Harreman Taldearen helburua Gadafi agintetik kentzea da. Herrialde horien artean ia gehienek onartu dute errebeldeek osatutako behin behineko gobernua. Azkena Espainia izan da.
Jesus Torquemada
Libiaren gatazkarako Harreman Taldea Abu Dhabin elkartuko da gaur, Gadafiri presioa egiteko urrats berriak aztertzeko. Hogei bat herrialdek osatzen dute taldea, horien artean daude Europako lurralde gehienak, AEBak, Kanada eta Arabiako dozena erdi bat herrialde.
Nazio Batuen ebazpena betetzea erabaki dutenak dira; Libiari armak enbargatzea eta hegazkin militarrak erabiltzea debekatzen du ebazpen horrek.Azken helburua, ordea, Gadafi agintetik botatzea da, eta batzuek ez dute batere disimulatzen. Herrialde horien artean ia gehienek onartu dute errebeldeek osatutako behin behineko gobernua. Azkena Espainia izan da. Trinidad Jimenez Espainiako Atzerri gaietako ministroa atzo izan zen Bengasin.
Baina hori ez da nahikoa Gadafi botatzeko. Tripolin aginteari eusten jarraitzen du, eta hori dela eta, NATO-k areagotu egin nahi ditu Gadafiren kokalekuen kontrako bonbardaketak. Baina inor ez da horretarako prest, eta horixe da NATO-ren arazoa.
AEBek berehala ahaztu zuten gerra hori, eta ez dute jada bonbardaketetan parte hartzen. Bonbardatzeko eskatu zaien beste herrialde batzuk ere, Espainia eta Polonia esate baterako, ez daude horretarako prest, eta Norbegiak esaterako bonbardatzeari utziko dio. Beraz, Frantziak eta Erresuma Batuak daramate operazioaren zama eta ardura guztia.