Mundua -
Etxe Zurian
Obama: 'AEBen egoera ekonomikoa Europakoaren araberakoa da'
Eurogunean ez ordaintzea zabalduko balitz "oso txarra" izango litzateke nazioarteko ekonomiarentzat, AEBetako presidentearen hitzetan.
Erredakzioa
Barack Obama AEBetako presidenteak bere laguntza emango dio Alemaniari eta Europar Batasun osoari krisiari aurre egiteko. Horren esanetan, Eurogunean ordainketei aurre ez egitea zabalduko balitz horrek ondorio "oso txarrak" izango lituzke AEBetan eta nazioarteko ekonomian.
AEBetako hazkunde ekonomikoa Europako zorraren arazoa "zentzuz" konpontzearen menpe dagoela esan du Obamak Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin Etxe Zurian bildu ostean.
Obamaren esanetan, Europako egoera "zaila" da, batez ere, Greziakoa, baina neurri egokiak hartzen hasi direla azpimarratu du. Hala ere, gehiago egin behar dela azpimarratu du.
Bestalde, Alemaniako kantzilerraren hitzetan, Europak oso argi du nazioarteko ekonomian duen erantzukizuna, eta euroguneko egonkortasun ekonomikoa nazioarteko egonkortasunerako oso garrantzitsua dela gaineratu du.